Alaves
EA Sports Liga
Kike Garciak Alaves jaitsiera postuetatik atera du hat-trick batekin Betisen aurka (1-3)
I. G. | EITB MEDIA
Aurrelari babazorroak partida bikaina egin du hiru gol sartuta, bat penaltiz, bere taldea jaitsiera postuetatik ateratzeko.
-
Kike Garcia bere goletako bat ospatzen. Argazkia: EFE
Kike Garciaren hat-trick batek garaipena eman dio Alavesi Betisen aurka (1-3) larunbat honetan Benito Villamarinen jokatu den EA Sports Ligako 20. jardunaldiko partidan. Aurrelari babazorroak partida bikaina egin du hiru gol sartuta, bat penaltiz, bere taldea jaitsiera postuetatik ateratzeko.
Partida hasi eta berehala, babazorroek lehen sustoa hartu dute, pase sakon batek Vitor Roque Owonoren aurrean bakarrik utzi duenean, baina Abqar garaiz iritsi da jaurtiketa itxi eta bere taldea salbatzeko.
Hala ere, laster aldatu da Alavesen zortea; izan ere, hamar minutu geroago, Bartrak bi aldiz bota du lurrera Kike Garcia, bigarrena area barruan, eta epaileak penaltia adierazi du. Berak jaurti du zigorrik handiena, eta ez du huts egin (0-1).
Ez da izan zitekeen penalti bakarra izan, berriz ere, Bartra eta Kike Garciaren arteko lehia batek Gasteizko taldeko aurrelaria lurrean utzi baitu, penaltia eskatuz. Epailea VARera joan behar izan da, baina azkenean ez du penaltia adierazi.
Alaves ondo kokatuta zegoen zelaian, baina ordu erdira Betisek izan du zortea. Jokaldi nahasi batek Jesus Rodriguezen urruneko jaurtiketarekin amaitu da, eta baloia poliki-poliki sartu da Owonoren ate barruan, zutoinera itsatsita (1-1).
Lehia intentsitatez jaitsi da hurrengo minutuetan, talde andaluziarraren nagusitasun gehixeagorekin, eta berdinduta joan dira aldageletara.
Gasteizko taldea indartsuago zelairatu da bigarren zatian, eta Conechnyk izan du lehen abagunea korner batean, baina baloia kanpora joan zaio.
Alavesi partida alde jarri zaio Perraudek Carlos Vicenterekin kontraeraso azkar batean talka egin eta epaileak txartel gorria atera dionean, etxekoak jokalari bat gutxiagorekin geratu baitira.
Jokalari bat gehiagorekin jokatu arren, babazorroei kosta egin zaie arriskua sortzea. Aurkariaren areara hurbildu dira, baina ez dute hutsunerik aurkitu blokean defendatu den Betisen aurka.
Defentsan egindako huts batek bakar-bakarrik utzi du Isco Owonoren aurrean, baina atezainak pazientziaz itxaron du eta ondo sartu du eskua gola saihesteko.
Norgehiagoka parekatuen zegoenean, Kike Garciak baloia area barruan harrapatu, eta sare barrura bidali du (1-2).
Ia jarraian, Carlos Vicenteren errematea harrapatu du, hat-tricka burukada batez egiteko eta garaipenarekin Alaves jaitsiera postuetatik ateratzeko (1-3).
Fitxa teknikoa:
1 - Betis: Adrián; Sabaly (Natan, 46. min), Llorente, Bartra, Ricardo Rodriguez (Perraud, 41. min); Cardoso, Fornals (Mateo, 71. min); Jesus Rodriguez (Marc Roca, 71. min), Isco, Abde (Altimira, 60. min); eta Vitor Roque.
3 - Alaves: Owono; Tenaglia, Abqar, Diarra, Manu Sanchez; Blanco (Toni Martinez, 64. min), Guevara; Carlos Vicente, Conechny (Stoitchkov, 77. min), Guridi (Protesoni, 77. min); eta Kike Garcia (Mouriño, 88. min).
Golak: 0-1, 12. min: Kike Garcia, penaltiz. 1-1, 28. min, Jesus Rodriguez. 1-2, 80. min: Kike Garcia. 1-3, 84. min: Kike Garcia.
Epailea: Alejandro Hernandez Hernandez. Txartel gorria atera dio Perraudi, eta horia Vitor Roque, Llorente, Isco, Cardoso, Blanco, Abqar, Tenaglia, Conechny eta Diarrari.