Alaves
EA sports Liga
Alavesek berdinketarekin konformatu behar izan du, lehen zatian ondo bideratuta zirudien neurketan (1-1)
L. E. A. | EITB MEDIA
Kike Garcia, penaltiz, eta Pablo Duran, bigarren zatian, izan dira golegileak aukera argi gutxiko partidan.
-
Kike Garcia, Alavesen golegilea, Risticekin lehian. Argazkia: Efe.
Alavesek eta Celtak bana egin dute Mendizorrotzan jokatutako EA Sports Ligako 21. jardunaldiko partidan. Kike Garciak penaltiz aurreratu ditu babazorroak 5 minutuan, eta Pablo Duranek egin du banakoa 66.ean.
Hasierako hamaikakoetan, aldaketa gutxi. Babazorroen artean, Coudetek Benavidez jarri du zigortutako Antonio Blancoren ordez. Celtari dagokionez, Giraldezek ezin izan ditu Iago Aspas eta Mingueza zelairatu, jokalari erabakigarriak biak talde Galiziako taldearen erasoan.
Ezin hobe hasi dute norgehiagoka Coudeten jokalariek, epaileak penaltia adierazi baitu 4. minutuan haien alde, VARa kontsultatu dute Fran Beltranek, korner batean, baloia besoarekin urrundu duela ikusita.
Kike Garciak jaurti eta sartu egin du. Aurrelariak hiru gol egin zituen aurreko jardunaldian Betisen aurka jokatutako partidan eta gaur ere golegile izan da. Bederatzi gol daramatza aurtengo denboraldian.
Golaren ostean, Alaves oso eroso aritu da zelaian, Celtak arazo handiak izan dituelako erasoan arriskua sortzeko. Owonok ez du estutasunik izan bere area inguruan.
Bigarren zatiak hasiera oso bestelakoa izan du. Owonok erantzun bikaina eman dio Swedbergek egindako jaurtiketa arriskutsuari eta, handik gutxira, Guridiri azken momentuan kendu diote baloia, atea hutsik eta aukera ezin hobea izan duenean.
66. minutuan Celtak banakoa egin du. Pablo Duranek jaurtiketa egin du eta Owonok baloia ukitu duen arren ez du barruan sartzea sahiestu.
Villalibre zelaian
Coudetek Villalibre eta Carlos Vicente zelairatu ditu Protesoni eta Conechnyren ordez, Celtaren golari erantzuteko. Galiziako taldeak minuturik onenak jokatu ditu, berdinketaren golak hauspotuta.
Partida asko ireki da azken minutuetan, baina inork ez du lortu berdinketa puskatzea. Azkenean, puntu bana Alaves eta Celtarentzat.
Fitxa teknikoa:
1 - Alaves: Owono; Tenaglia, Abqar, Diarra, Manu Sanchez; Guevara, Protesoni (Villalibre, 71. min), Carlos Vicente, Conechny (Carlos Martin, 71. min), Guridi; eta Kike Garcia (Toni Martinez, 91. min).
1 - Celta: Guaita; Starfelt, Yoel Lago (Javi Rodriguez, 46. min), Marcos Alonso; Carreira, Fran Beltran, Moriba, Cervi (Swedberg, 46. min); Pablo Duran (Fer Lopez, 85. min), Ristic (Alvarez, 75. min) eta Borja Iglesias (Douvikas, 63. min).
Golak: 1-0, 6. min: Kike Garcia, penaltiz. 1-1, 66. min: Pablo Duran.
Epailea: Hernandez Maeso (Extremadurako batzordekoa). Txartel horia atera die Alaveseko Abqar (78. min) eta Kike Garcia (82. min) jokalariei, eta Celtako Alonso (33. min), Ristic (64. min) eta Alvarez (81. min) jokalariei.