Alaves
EA Sports Liga
Conechnyk alta jaso du, Bartzelonan 24 ordu baino gehiago ospitaleratuta egon ostean
EITB Media
Tomas Conechny Alaveseko jokalaria Bartzelonako ospitale batera eraman zuten, otsailaren 2an, Barçaren aurkako EA Sports Ligako partidan Gavirekin talka egin eta buruan kolpe gogorra jasota. Burezurrean izandako traumatismoak haustura eragin dio burezurraren aurrealdean.
-
Tomas Conechnyk Montjuic uzten duen momentua. Argazkia: EITB Media
Tomas Conechny Alaveseko jokalariari alta eman diote otsailaren 3an, astelehenean, Bartzelonako ospitale batean 24 ordu baino gehiago eman ondoren, Gasteizko klubak jakinarazi duenez.
EA Sports Ligako otsailaren 2ko Bartzelonaren aurkako partidan Gaviren eta Conechnyren buruek talka egin zuten. Bi jokalariek berdegunea utzi behar izan zuten, ezin izan zuten jokatzen jarraitu, eta talde babazorroaren jokalaria ospitalera eraman zuten. Kolpeak burezurreko traumatismoa eta haustura burezurraren aurrealdean eragin zizkion Conechnyri.
Argentinarrari Ordenagailu bidezko Tomografia Axialak egin zizkioten kaskezurrean eta zerbikaletan. Egun bat baino gehiago ospitaleratuta egon eta gero jaso du alta 26 urteko Comodoro Rivadaviakoak (Argentina).
Alavesek adierazi duenez, Conechnyk datozen egunetan ekingo dio tratamenduari.