Itxi

Alaves

EA SPORTS LIGA

Kike Garciak puntu bat eman dio Alavesi, Mallorcan (1-1)

G. P. A. | EITB MEDIA

Mallorcak hartu du aurrea markagailuan, Asanok boleaz gol ikusgarria eginda. Alavesek hobeto jokatu du bigarren zatian. Kike Garciak sartu du berdinketaren gola.

  • Kike Garciak sartu du berdinketaren gola. Argazkia: EFE

    Kike Garciak sartu du berdinketaren gola. Argazkia: EFE

Alavesek bana egin du Mallorcarekin Son Moixen. Gasteizko taldeak garaipenak behar ditu jaitsierako postuetatik lehenbailehen ihes egiteko, baina gaur bereganatutako puntua ontzat eman dezake, etxetik kanpo eskuratu duela eta partida galtzen hasi dela kontuan hartuta.  

'Chacho' Coudeten taldeari hasieratik jarri zaio partida aldapa gora. Mallorca bere bila joan da, presioa goian eginda, baloia ahalik eta azkarren kentzeko asmoz, eta jarrera horrek ezustean harrapatu ditu babazorroak.

Etxeko taldeak 9. minutuan hartu du aurrea markagailuan. Asanok sekulako gola sartu du. Aurrelari japoniarrak area ertzetik egin du jaurtiketa, boleaz, eta baloia txoko-txokotik sartu da Siveraren atean.

Muriqik aldea handitzeko aukera pare bat izan ditu ondorengo minutuetan, baina ez du asmatu.

Alavesek, edonola ere, partidan sartuta jarraitu du, ez du amore eman, eta baloiaren jabetza kendu dio aurkariari. Alabaina, ez du arrisku nahikorik sortu Greifen ate inguruan, Manu Sanchez eta Carlos Martin jaurtiketa bana eginda ahalegindu diren arren.  

Atsedenaldiaren ostean gidoia aldatu egin da. Babazorroek indarrean ekin diote bigarren zatiari, eta Jagoba Arrasateren mutilek pauso bat atzera eman dute.  

Gasteizko taldea aukerak sortzen hasi da, eta, azkenean, Kike Garciak berdinketaren gola egin du. Mallorcako defentsak ez du baloia ondo alboratu, eta Alavesek aurrelariak hanka luzatu du, baloia bigarren zutoinetik sarera bidaltzeko.

Aurrelariak min hartu du jokaldi horretan, eta aldagelarako bidea hartu behar izan du handik gutxira. Toni Martinez zelairatu da haren ordez.

Golak konfiantza eman dio Alavesi, eta bigarrenaren bila joan da. Mallorca atzean sartu da, baina, ezer gutxi eginda, Siveraren atea ingurura arriskuarekin heltzeko gai izan da.

Horrenbestez, partidaren azken txanpa bizitasun handikoa izan da, eta gola edozein taldek sartu ahal zuela ematen zuen. Azken aukera Carlos Martinek izan du, baina Greifek baloia ondo gelditu du, eta banakoarekin amaitu da neurketa.

FITXA TEKNIKOA:

1- RCD Mallorca: Greif; Maffeo, Valjent, Raíllo, Lato; Mascarell (Morlanes, 73. min), Darder, Dani Rodriguez (Abdon, 88. min); Asano (Samu, 65. min), Muriqi, Navarro (Larin, 73. min).

1- Deportivo Alaves: Sivera; Tenaglia, Abqar, Mouriño, Manu Sánchez (Diarra, 81. min); Blanco, Jordan (Guevara, 81. min); C. Vicente (Garces, 81. min), Aleña, C. Martin; Kike Garcia (Toni Martinez, 71. min).

Golak: 1-0, 9. min, Takuma Asano; 1-1, 68. min, Kike Garcia.

Epailea: Cesar Soto Grado. Txartel horia atera die Carles Aleñari (64. min) eta Santiago Mouriñori (78. min).