Alaves
EA Sports Liga
Alavesek Valentzia menderatu du (1-0), eta urrezko hiru puntu eskuratu ditu mailari eusteko lehian
EITB Media
Joan Jordanek, penaltiz, 79. minutuan, Cacho Coudeten taldeari garaipena eman dion gola sartu du. EA Sports Liga amaitzeko soilik bi partida gelditzen direla, Alavesek, 38 puntu dituela, lau puntura dauka Leganes, alegia, jaitsierako lehen postuan dagoen taldea.
-
Joan Jordanek sartu du, penaltiz, partida erabaki duen gola. Argazkia: EFE.
Alavesek Valentzia menderatu du, 1-0, 2024-25 denboraldiko EA Sports Ligako 36. jardunaldian, Mendizorrotzan, asteazkenean, eta, horrenbestez, oso garrantzitsuak diren hiru puntu eskuratu ditu mailari eusteko lehian; izan ere, euskal taldeak gertu dauka Lehen Mailan jarraitzeko helburua gauzatzea. Joan Jordanek, penaltiz, 79. minutuan, Cacho Coudeten taldeari garaipena eman dion gola sartu du; txapelketa amaitzeko soilik bi partida gelditzen direnean, Alavesek, 38 puntu dituela, lau puntura dauka Leganes, alegia, jaitsierako lehen postuan dagoen taldea.
Eskuratutako garaipena kontuan izanik, Alavesek aurrerapauso oso handia eman du, goreneko mailan jarraitzeko. Leganesek, Vila-realen, 3-0 galdu du; hemeretzigarren postuan dabilen Las Palmas matematikoki jaitsi da Hypermotion Ligara, eta Coudeten gizonek eskura dute mailari eustea. Alavesek, igandean, Valladoliden aurka jokatuko du, eta azken jardunaldian, Gasteizen, Osasuna izango du aurkari.
Alaves vs Valentzia (1-0): partidako laburpena
Kike Garciak ez zuen jokatu San Mamesen, igandean, Athleticen aurkako derbian, baina Valentziaren kontrako neurketan titular zelairatu da, hasierako hamaikakoan. Chacho Coudeten taldeak ikusi du nola, lehen minutuetan, Valentzia, bereziki ezkerretik, Luis Rioja eta Rafa Mir jokalarien bidez, arriskua sortzen ari zen. Denbora kontua izan da, alabaina; Alavesek zelai erdia beraganatu duenean, gol aukerak bata bestearen atzean sortu ditu Gasteizko taldeak.
Mamardashvili Valentziako atezain georgiarra izan da gakoa lehenengo zatian golik ez izateko, geldiketa bikainak egin baititu. Jon Guridik, korner batean, estrategia jokaldi baten ondorioz, oso gertu izan du 1-0ekoa, 16. minutuan, eta gauza bera gertatu zaio Nahuel Tenagliari, 20.ean, areaz kanpotik egindako jaurtiketa batean; izan ere, Mamardashviliri oso gutxigatik ez dio baloiak ihes egin. Carles Aleñak, falta jaurtiketa batean, Guridik berriro, eta Carlos Vicentek ere izan dituzte abaguneak talde babazorroa aurretik jartzeko. Hala, atsedenaldian, emaitza 0-0ekoa zen, baina sentsazioak onak ziren Alavesentzat, bigarren zatiari begira.
Bigarren zatian, Alavesek sendo jarraitu du; hori bai, aurrenekoan baino oztopo gehiago zituen arriskua sortzeko. Indartsu jokatuz, eta Mendizorrotzako zaleen babes handia jasota, Coudeten gizonek gora egitea lortu dute. hala, 75. minutuan, Arabako taldea presio handia egiten ari zen tarte batean, norgehiagokan erabakigarria izan den jokaldia iritsi da: Mamardishvilik, irteera batean, baloia aldentzean, Santiago Mouriñoren gainean jausi da, area barruan; Gil Manzano epaileak penaltia adierazi du, baina VARetik deitu diote horri, jokaldia berriro ikus zezan. Epaileak, baina, berretsi egin du hasierako erabakia, eta Joan Jordanek hartu du bere gain gola sartzeko ardura; kataluniarrak, burua hotz, gola egin du.
Jordanek penalti a jaurti duenean egin duenez, Alavesek ondo kudeatu du urduritasuna azken minutuetan, eta ia-ia ez du estutasunik izan hiru puntuak ziurtatzeko; kontuan izateko modukoa da nola Valentziak hamar jardunaldi zeramatzan partidarik galdu gabe. Igandean, Valladoliden, baliteke Gasteizko taldeak ospatzea Lehen Mailan jarraitzen duela.

Alavesek Mendizorrotzako berdegunean ospatu du garaipena, zaleekin. Argazkia: EFE.
Fitxa teknikoa
1 - Alaves: Sivera, Tenaglia, Mouriño, Garces, Manu Sanchez, Guevara, Blanco (Protesoni, 84. min), Carlos Vicente, Aleña (Conechny, 90. min), Guridi (Jordan, 65. min) eta Kike Garcia (Toni Martinez, 90. min).
0 - Valentzia: Mamardashvili, Diakhaby (Canos, 84. min), Tarrega, Mosquera, Gaya; Rioja, Pepelu, Barrenechea, Diego Lopez (Ivan Jaime, 65. min); Rafa Mir (Aarons, 84. min) eta Hugo Duro.
Epailea: Gil Manzano (Extremadurako Batzordea). Alaveseko Garces, Protesoni eta Mouriño, eta Valentziako Hugo Duro, Mamardashvili eta Aarons zigortu ditu, txartel horia aterata.
Gola: 1-0: Jordan, penaltiz (79. min).
Nabarmetzekoa: 17.626 zale izan dira Mendizorrotzan; giro bikaina sortu dute guztien artean.