Athletic Club
Ekintza bandalikoa
Athleticek komunikatu batekin erantzun dio Nico Williamsen irudiaren bandalizazioari
eitb media
Barakaldoko Lutxana auzoko Williams anaien muralean, Nicoren irudia pintaketa batekin estali dute: "Joan edo geratu, errespetua galdu duzu".
-
Williams anaien murala: Irudia: EITB Media
Nico Williamsen irudia desagertu egin da gaur goizaldean Lutxanako muralean, Barakaldon. Bertan, Iñaki anaia, Iker Muniain eta Oscar de Marcos ere ageri dira. Athleticeko jokalaria zegoen tokian, pintaketa bat egin dute, letra zuriz, esaldi honekin: "Joan edo geratu, errespetua galdu duzu".
Athleticek komunikatu bat atera du ekintza bandalikoa gaitzesteko. "Klub baten duintasuna klub hori osatzen duten pertsonen duintasuna da, eta bere balioekin koherentziaz jokatzeko duen gaitasunaren arabera neurtzen da, probokazioetan erori gabe eta burua goian eramanez beti. Errespetua da Athletic Cluben oinarrietako bat", dio komunikatuak.
"Klub baten duintasuna bereak babesteko moduan ere islatzen da. Horregatik, Barakaldoko Carlos Lopez artistaren muraletik Nicoren irudia ezabatu dutenek ez dute Athletic ordezkatzen. Eta familia honetako kide direla uste badute, jakin behar dute oker daudela: gureetako bati errespetua galtzea Athletici berari errespetua galtzea da", gaineratu dute komunikatuan.
Bilboko taldeak argitu duenez, "uda hasi berria da eta Nico Williamsen inguruko berriak ugariak dira, komunikabideetan eta sare sozialetan. Horiekin batera, era guztietako iruzkinak eta erreakzio ugari. Nico gutako bat da. Lezaman hazitako jokalaria, aldagelan maitatua eta bere zaleek babestua".
Iñaki Williams anaiak ere ekintza gaitzetsi du, X sare sozialaren bidez:
Detrás de una falta de respeto anónima, siempre hay alguien demasiado pequeño para dar la cara.
— IÑAKI WILLIAMS ARTHUER (@Williaaams45) June 22, 2025
Radio Bilbaori egindako adierazpenetan, murala margotu zuen Carlos Lopez kaleko artistak ere, bere lanak jasan duen erasoa deitoratu du.
Murala berritu edo aldatuko duen galdetuta, artistak esan du erabakia ez dela soilik berea, horma enpresa batena baita.