Itxi

Athletic Club

EA Sports Liga

Athleticek Robert Navarro fitxatu du, 2030era arte

EITB Media

23 urteko jokalaria Bilboko taldeko jokalari berria da. Mallorcarekin kontratua bukatu ostean heldu da Athleticera, eta 2030eko ekainaren 30era arte sinatu du kontratua.

0:14
Robert Navarro

Athleticek Robert Navarro jokalaria fitxatu du, klubak ekainaren 23an jakinarazi duenez. Navarrok 2030eko ekainaren 30era arte sinatu du kontratua Bilboko klubarekin.

Robert Navarrok 23 urte ditu eta Osasuna, Bartzelona, Monaco eta Realaren harrobiko taldeetan hazi da. 17 urterekin Reala B taldera iritsi zen. Guztira, 89 partida jokatu ditu maila gorenean. Europako txapelketetan ere esperientzia du, eta bi gol sartutakoa da.

2024-2025 denboraldian Navarrok 25 partida jokatu ditu Mallorcarekin. Eraso hegaleko eta punta-erdi postuak tartekatu ditu beti. Espainiako selekzioan ere egondakoa da, 16 urtez azpiko mailatik 21 urtez azpikor arte.

"Urrats garrantzitsua da nire ibilbidean. Ilusio handiarekin nator, Kluba esparru guztietan hazten ari da, eta duen anbizio handia gogoko dut. Entrenatzen hasteko, taldea ezagutzeko eta aurtengo helburu guztiak lortzeko lan egiteko gogo handia dut", adierazi du Navarrok.

Gurasoak iruindarrak izan arren, Bartzelonan jaio zen Navarro, aitak han amaitu baitzuen kirol-ibilbidea. Gero, Iruñera bueltatu zen gurasoekin. Robert areto-futboleko Irabia taldean hasi zen jokatzen, kimuetan Osasunan sartu zen (2011), eta bere aurrerapauso handiek Bartzelonaren arreta deitu zuten. Ondoren, AS Monacora joan zen, jubeniletan; 16 urterekin lehen taldearekin debuta egitea lortu zuen Thierry Henry entrenatzaile zela.

Gero, Realak fitxatu zuen bigarren talderako, eta bere bigarren denboraldian debuta egin zuen txuri-urdinen lehen taldearekin Lehen Mailan. Jokalari garrantzitsua izan zen Xabi Alonso entrenatzailearen aginduetara, eta Sanseren Bigarren Mailarako igoeran, 11 gol sartuta.

2022-2023 denboraldian 26 partidatan parte hartu zuen Realarekin. Cadizen utzita egon zen, eta 30 partida jokatu zituen Andaluziako taldean. 2023-2024 Mallorcak fitxau zuen Realetik.