Athletic Club
Berritzea
Urko Izetak Athleticekin berritu du, 2027ra arte
EITB MEDIA
Aiako aurrelariak lehen taldeko fitxa izango du, eta Ernesto Valverderen esanetara ekingo dio denboraldiaurreari. Izeta, 25 urtekoa bera, Mirandesen aritu da 2024-25 denboraldian, Athleticek utzita, eta hamabost gol sartu ditu Hypermotion Ligako taldearekin.
-
Urko Izeta, Oviedo-Mirandes partidan, igoerako play-offean. Argazkia: Europa Press.
Urko Iruretagoiena "Izeta" aurrelariak Athleticekin berritu du, bi denboraldiz, 2027ra arte, ostegunean Bilboko klubak iragarri duenez. Aiako futbolariak lehen taldeko fitxa izango du, eta Ernesto Valverderen esanetara ekingo dio denboraldiaurreari. Izeta, 25 urtekoa bera, Mirandesen aritu da 2024-25 denboraldian, Athleticek utzita, eta hamabost gol sartu ditu Hypermotion Ligako taldearekin.
Izeta 2022-23 denboraldian iritsi zen Athleticera, 2023ko urtarrilean hain zuzen ere, Amorebietatik; izan ere, Eibarrek utzi zuen talde horretan. Gipuzkoarra Bilbao Athleticen aritu zen denboraldi hartako bigarren zatian, Lehen RFEF mailan, eta hurrengo denboraldian, Bigarren RFEF mailan. 2024-25 denboraldirako, Athleticek Mirandesi utzi zion aurrelaria; EA Sports Ligara igotzetik oso gertu gelditu den taldean, Izetak hamahiru gol egin ditu liga erregularrean, eta beste bi igoerako play-offean.
Athleticek, berritzearen berri emateko argitaratu duen oharrean, adierazi du Izetak "batezbesteko ikusgarria" duela, kontuan izanik zenbat minutuz izan den berdegunean eta zenbat gol sartu dituen.