Itxi

Athletic Club

Komunikatu ofiziala

Athleticek Bartzelonari erantzun dio "bereaz arduratzen" dela, arauak bete daitezen

eitb

Laportak asteazken honetan adierazi zuenez, ez ditu ulertzen Athleticek Kataluniako taldearen egoera ekonomikoa fiskalizatzeko dituzten arrazoiak, eta "bakoitza bereaz arduratzeko" eskatu zuen.

  • Athletic Cluben eskutua. Irudia: Athletic Club

    Athletic Cluben eskutua. Irudia: Athletic Club

Athleticek komunikatu bat zabaldu du, Joan Laporta Bartzelonako presidenteak egindako adierazpenei erantzunez, "bereaz arduratzen" dela esanez, "lehiaketaren arauak betetzen direla zainduz".

Laportak asteazken honetan adierazi zuenez, ez ditu ulertzen Athleticek Kataluniako taldearen egoera ekonomikoa fiskalizatzeko dituzten arrazoiak, eta "bakoitza bereaz arduratzeko" eskatu zuen.

Bilboko erakundeak baieztatu duenez, atzo, asteazkena, bilera bat izan zuen Madrilen Futbol Liga Profesionaleko ordezkariekin, eta bertan izan ziren bi erakundeetako presidenteak, Jon Uriarte eta Javier Tebas.

Athleticek eskerrak eman dizkio Ligari erakunde zuri-gorriak eskatutako "bileran erakutsitako prestasunagatik eta argitasunagatik, fair play finantzarioa betetzearen esparruan".

Besteak beste, Bartzelonak "jokalariak sartzeko duen gaitasunari" buruz hitz egin zen, "kontuan hartuta Athleticek dagokion informazioa eskuratzeko duen interes legitimoa, Bartzelonako kirol zuzendariak publikoki aitortu ondoren bere lehen taldeko futbolari bat fitxatzen saiatuko direla", gaineratu dute Anderson Luis de Souza 'Deco'k Nico Williamsi buruz egindako adierazpenen inguruan, "2027ko ekainaren 30era arte Athleticekin kontratua indarrean duen jokalaria" baita.

Euskal klubak gaineratu du Decoren hitzei Laportaren beste batzuk gehitu zaizkiela, "kluba lanean ari dela 1:1 arauan egoteko onartuz, eta, beraz, gaur egun ez dagoela arau horren parametroetan jokalariak inskribatzeko".