Itxi

Athletic Club

FITXAKETA GARAIA

Laportak esan du Bartzelona "prest" dagoela etete-klausula bat ordaintzeko, "aukera on bat sortzen bada"

Agentziak | EITB Media

Athleticen jarrerari dagokionez, Joan Laportak esan du "Ligak ezarritako baldintza guztiak" betetzen ari dela Bartzelona, eta, horrenbestez, eurentzat ez dela arazoa klub zuri-gorriak iragarritako "fiskalizazioa".

  • Joan Laporta. Artxiboko argazkia: EFE

    Joan Laporta. Artxiboko argazkia: EFE

Nico Williamsi inolako aipurik egin gabe, Joan Laporta Bartzelonako presidenteak adierazi du Kataluniako kluba "prest" dagoela etete-klausula bat ordaintzeko, "lehen taldea indartzeko aukera on bat sortzen bada merkatuan".

Koeman Cup golfeko elkartasun torneoa abiatzeko ekitaldian egin ditu adierazpen horiek Laportak, kazetarien galderei erantzunez.

"Merkatuan aukera bat sortzen bada etete-klausula ordaintzea eskatzen duena, Bartzelona prest dago aukera hori baliatzeko egin beharrekoa egiteko", esan du.

Bartzelonak Athleticeko aurrelaria fitxatzeko erakutsi duen asmoak hautsak harrotu ditu Bilbon. Horrela, atzo, Athleticek adierazpen bat kaleratu zuen, Bartzelonak arauak betetzen dituela zainduko duela ohartarazita.

Agiri horri buruz galdetuta, Laportak hau erantzun du: "Athleticek nahi duena egin dezala. Guk Athleticek egiten duena errespetatzen dugu, eta espero dut haiek guk egiten duguna errespetatuko dutela".

Ildo horretan, azpimarratu du Barça "Ligak ezarritako baldintza guztiak" betetzen ari dela, merkatuan aukera on bat sortzen bada, fitxaketa gauzatu ahal izateko.

"Ez dugu ezer ezkutatzeko, eta, ondorioz, (Athleticek) gu fiskalizatzea ez da arazoa guretzat, gauzak zuzen egiten ari baikara", erantsi du.