Athletic Club
OFIZIALA
Nico Williamsek 2035era arte luzatu du kontratua Athleticekin
EITB MEDIA
Gainera, aurrelari nafarraren etete-klausula ere handitu dutela jakinarazi du klub zuri-gorriak. "Nahi dudan tokian nago, nire gertukoekin, hau nire etxea da", esan du Nico Williamsek bideo batean.
-
Nico Williams. Argazkia: Athletic
Nico Williamsek 2035eko ekainaren 30era arte luzatu du kontratua Athleticekin, eta orain arte zeukan etete-klausula (60 milioi eurokoa) handitu du, klub zuri-gorriak gaur goizean, ezustean, jakinarazi duenez.
"Erabakiak hartu behar direnean, niretzat, garrantzitsuena, bihotza da. Nahi dudan tokian nago, nire gertukoekin, hau nire etxea da. Aupa Athletic!", adierazi du Nicok kontratua luzatzen duela iragartzeko Athleticek zabaldu duen bideoan.
Lo que más pesa es el corazón ¿¿#AthleticWIN #AthleticClub ¿ pic.twitter.com/do1QvtqYbP
— Athletic Club (@AthleticClub) July 4, 2025
Agiri batean, Athleticek goraipatu egin du aurrelari nafarraren hautua: "Fideltasunaren adierazpen berri honek mugarri bat ezarri du zuri-gorrien historian, eta, beste taldekide batzuen artean, Unai Simonek, Oihan Sancetek, Dani Vivianek, Mikel Jauregizarrek, Beñat Pradosek edo Ernesto Valverdek berak hasitako bidea berretsi du… Eta, nola ez, dagoeneko historikoa den eta belaunaldi bat markatu duen taldeko kapitaina den Iñaki Williams bere anaiak hasitakoa".
Horrez gain, "Iker Muniainek utzi zion 10 zenbakia izaten jarraituko du, oraingoan baita Txapeldunen Ligan ere", erantsi du.
Bartzelonak Nico Williams fitxatzeko erakutsi duen asmoari zeharka aipu eginez, klub zuri-gorriak ondokoa azpimarratu du: "Eskaintza erraldoien aurrean Nicok Athleticen eskutik eman duen aurrerapausoa arrakasta itzela da klubarentzat, Athletic WIN (Williams, Iñaki, Nico) ikusgarria".
Nico Williams (Iruñea, 2002) alebinetan iritsi zen Athleticera, 2013/14 denboraldian, Iñaki anaia Lezamara iritsi eta urtebetera. Ordutik, formakuntza etapa guztiak bete ditu Athleticen, 2021eko apirilaren 28an, 18 urterekin, lehoi gisa debuta egin zuen arte.
Orain arte, lehen taldean eman dituen 5 denboraldietan, 167 partida ofizial jokatu ditu eta Kopako titulua lortu du. Horrez gain, Europa Leagueko finalerdietara iritsi da eta Txapeldunen Ligarako sailkapena lortu du azken bi kirol urteetan.
Nico Williamsek azken denboraldietan Athletici egin dion ekarpena "erabakigarria" izan dela adierazi du Athleticek, "erasoan diferentziala izan baita bere erregateei eta abiadurari esker". 31 gol sartu ditu, "eta etengabeko amesgaiztoa izan da aurkarien atzelarientzat", gaineratu du.
"Berdegunean egindako lan bikainaz haratago, Nico Williamsen nazioarteko proiekzioa izugarria izan da, eta Athletic markaren enbaxadore baliotsua bihurtu da munduan zehar", nabarmendu du.
Ildo horretan, gogora ekarri du "2024ko Eurokopako finaleko MVP" izendatu zutela (Espainiako selekzioarekin txapeldun izan zen) eta "Urrezko Baloia irabazteko izendatuen zerrendan" izan zela (15. postuan gelditu zen).
Amaitzeko, Athleticek bere kirol-filosofia azpimarratu du, "askatasunez aukeratua", talde honen "masa soziala eta zaleak harrotzen dituen berezitasuna" dela iritzita.
"Nico Williamsek kontratu luzapen honekin eman duen aurrerapausoak harrotasunez betetzen du Athleticzaleen familia osoa, eta anbizio handiko etorkizun pozgarria marrazten du", azpimarratu du klubak oharrari bukaera emateko.