Athletic Club
Athleticen jarraituko du
De Marcos: "Nicok zuhurtzia handiz jokatu du, eta hausnartutako erabakia hartu du"
Agentziak | EITB Media
Radio Euskadin egindako elkarrizketan, Oscar de Marcos pozik agertu da Nico Williamsek Athleticen jarraitzea erabaki duelako, eta kontatu du azken asteetan jokalari nafarrarekin harremanetan egon dela.
-
Oscar de Marcos, Lezaman egin zioten agur-ekitaldian. Artxiboko argazkia: EFE
Oscar de Marcos Athleticeko jokalari ohiak adierazi du Nico Williamsek Athleticekin kontratua 2035era arte berritu izanak "balio kalkulaezina" duela, eta jokalariak "zuhurtzia handiz" jokatu duela beti.
"Athleticek oso pozik egon behar du Nicok hartu duen erabakiak duen eraginagatik. Athleticentzat funtsezkoa da", esan du Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean.
Bartzelonak fitxatuko zuela ziurtzat ematen zuten zurrumurruen harira De Marcosek nabarmendu duenez, Nicok ez dio inoiz utzi Athleticeko jokalari izateari eta inoiz ez du adierazpen publikorik egin.
"Asko hitz egin da egoera horren inguruan, baina jokalariak ere badu eskubidea pentsatzeko eta burutik pasatzen zaizkion gauzak aztertzeko. Horrelako egoerak konplikatuak dira edozein jokalarirentzat, eta are gehiago 23 urte badituzu", azaldu du.
"Uste dut Nicok zuhurtzia handiz jokatu duela. Hausnarketarako denbora izan du, eta balio kalkulaezina duen erabaki bat hartu du. Munduko klub gehienetan, askoz errazagoa da korronteari jarraitzea eta irtetea. Berak Athleticen jarraituko du, eta urte askotarako, gainera", adierazi du.
Horrenbestez, Athleticeko kapitain ohiak esan du zale zuri-gorriak "oso harro" egon behar dutela Nicok hartu duen erabakiarekin.
Bestalde, De Marcosek jakinarazi du azken asteetan Williams anaiekin harremanetan egon dela.
"Biekin hitz egin dut, baina batez ere Iñakirekin. Egoera guztiak pertsonalak eta ezberdinak dira, eta erabakia norberak hartu behar du. Beti gaude harremanetan, eta beti egongo gara. Nik Iñaki anaiatzat daukat, eta badaki bere ondoan izango nauela beti", erantsi du.