Athletic Club
Golardoa
Jamie Carragher Liverpooleko atzelari mitikoak 'One Club Man 2025' saria jasoko du
EITB Media
Jokalari ohi ingelesak San Mamesen jasoko du bere saria Athleticen eta Gironaren arteko norgehiagokaren atarian. Liverpoolen historian partida gehien jokatu dituen bigarren jokalaria da Carragher, 737rekin, Ian Callaghamek bakarrik gaindituta.
-
Jamie Carragher, Athleticen elastikoa jantzita, Anfielden. Argazkia: Europa Press
Jamie Carragher Liverpool FC eta Ingalaterrako selekzioaren atzelari mitikoak '2025eko One Club Man' saria jasoko du Athletic Cluben eskutik. Partida guztiak talde berean jokatu zituzten jokalarien ibilbidea saritzen du. Anfieldeko taldearen 'red' elastikoa defendatu zuen 17 denboralditan, 1996tik 2013ra.
Carragherrek San Mamesen jasoko du bere saria, Athleticek eta Gironak LaLiga EA Sportseko 6. jardunaldian jokatuko duten partidaren atarian. Norgehiagoka irailaren 23an jokatuko da, 19:00etan. Bertan, atzelari ingeles mitikoak zale zuri-gorrien aitortza jasoko du.
Aurretik Matthew Le Tissier (Southampton FC, 2015), Paolo Maldini (AC Milan, 2016), Sepp Maier (Bayern München, 2017), Carles Puyol (FC Bartzelona, 2018), Billy McNeill (Celtic FC, 2019), Ryan Giggs (Manchester United, 2020), Ricardo Bochini (Club Atletico Independiente, 2022), Joao Pinto (FC Porto, 2023) eta Giuseppe Bergomik (Inter de Milan, 2024) jaso dute sari berezi hori.
Liverpoolen historian partida gehien jokatu dituen bigarren jokalaria da Carragher, 737rekin, Ian Callaghamek bakarrik gaindituta. Bootleko jokalariaren atzetik, Steven Gerrard, Ray Clemence, Emlyn Hughes, Ian Rush, Phil Neal, Tommy Smith, Bruce Grobbelaar eta Alan Hansen bezalako mitoak agertzen dira norgehiagoka gehien jokatu dituzten hamarren artean.
Bere garaiko atzelari nabarmenetakoa izan zen, bai Premier Leaguen bai Europa mailan. Horren froga da 150 partida jokatu zituela UEFAn, txapelketa kontinentaletan presentzia gehien duen futbolari ingelesa bihurtuz. Gainera, Txapeldunen Liga bat (2005), UEFA kopa bat (2001), Europako bi Superkopa (2001 eta 2005) eta bi FA Cup (2001 eta 2006) irabazi zituen.
"Ohore bat izan zen Athletic Clubek deitu ninduenean. Athletic erakunde errespetatua da futbolaren mundu osoan: klub paregabea da benetan. Oso harro nago sari hau jasotzeaz eta nire izena beste futbolari handi batzuekin batera ikusteaz, baita atzelariekin ere, Paolo Maldini edo Carles Puyol kasu", azpimarratu du.

