Itxi

Athletic Club

EA Sports Liga

Athleticek puntu bat atera du Elxen partida eskasa jokatuta, eta erasoan arriskurik sortu gabe (0-0)

Agentziak | EITB

Zuri-gorriak ez dira Eder Sarabiaren taldea estutzeko gain izan, eta Unai Simonen geldiketek etxekoen garaipena saihestu dute.

  • Williams anaiak, etsita, partidako momentu batean. Argazkia: Efe.

    Williams anaiak, etsita, partidako momentu batean. Argazkia: Efe.

Athleticek eta Elxek hutsean berdindu dute Martinez Valero zelaian jokatutako EA Sports Ligako 9. jardunaldiko partida. Alacanteko taldea Bizkaikoa baino hobeto aritu da, eta errematean izandako punteria faltak bakarrik galarazi die hiru puntuak irabaztea.

Unai Simonek meritu handiko bi geldiketa egin ditu, zuri-gorrien atea bikain babestuz. Valverdek Williams anaiak zelairatu dituenean bakarrik piztu da apur bat Bilboko taldea.

Lehen zatian, Eder Sarabiaren taldeak gertu izan du gola, batez ere Rafa Mir aurrelariak sortutako aukeretan, baina bisitarien atezainak erantzun bikaina eman die etxeko jokalariaren erremateei.

Elx zelaian nagusi zenean iritsi da neurketako jokaldi polemikoa. Vivianek eskuarekin eten du Elxen eraso bat, eta Sarabiaren jokalariek txartel gorria eskatu dute atzelari zuri-gorriarentzat. Epaileak, baina, jokaldia VARean aztertu ostean, Andre da Silvak aurretik egindako falta adierazi du.

Bigarren zatian, Valverdek Williams anaiak zelairatu ditu, eta taldeak pauso txiki bat eman du erasoan, baina aukera argirik sortu gabe.

Elxek erasora jo du gogoz azken minutuetan, garaipenaren bila, baina Alacanteko taldeak ere ez du markagailua mugitu.

Azkenean, golik ez eta puntu bana Elxentzat eta Athleticentzat, zuri-gorriek partida txarra jokatu arren.