Athletic Club
EA Sports Liga
EA Sports Ligako Athletic-Real Madril partida abenduaren 3ra aurreratu dute, Superkopagatik
EITB
Partida Txapelketako 19. jardunaldiari dagokio, eta hori urtarrilaren 9tik 11ra bitartean jokatuko da; Bartzelona-Atletico Madril eta Athletic-Real Madril partidak aurreratu dituzte, abenduaren 2ra eta 3ra, hurrenez hurren.
-
Athletic Club
EA Sports Ligako 19. jardunaldiko Athletic-Real Madril partida, San Mamesen, abenduaren 3an 19:00etan jokatuko dute, Ligak asteazken honetan jakinarazi duenez. Partida hilabete bat baino gehiago aurreratu da, dagokion jardunaldiarekin alderatuz; izan ere, Athleticek eta Real Madrilek Espainako Superkopa jokatuko dute, Bartzelonak eta Atletico Madrilek bezala; azkeneko bi horiek abenduaren 2an jokatuko dute elkarren arteko partida.
Horrela, 2025-2026 denboraldiko Espainako Superkopan Bartzelona, Real Madril, Atletico Madril eta Athletic izango dira, 2026ko urtarrilaren 7tik 11ra, Saudi Arabian. Lau taldeek beraien artean jokatuko dute Ligako Txapelketaren 19. jardunaldian, Athletic-Real Madril eta FC Bartzelona-Atletico Madril partidetan, hain zuzen ere. Jardunaldi hori Superkoparen egun berdinetan jokatuko da, eta, horrenbestez, Superkopa jokatuko duten taldeen partidak aurreratu egin dituzte.
Abenduaren 2an, 21:00etan, Bartzelona-Atletico Madril neurketa jokatuko da, eta abenduaren 3an, 19:00etan, berriz, Athleticek jokatuko du, Real Madrilen aurka.

