Itxi

Athletic Club

EA Sports Liga

Athleticek mendean hartu du Atletico (1-0)

I. G. A. | EITB

Euskal taldea nagusi izan da jokoan une oro, eta Berenguerrek sartu du garaipenaren gola.

  • Sancet gol aukera batean. Argazkia: EFE

    Sancet gol aukera batean. Argazkia: EFE

Athleticek 1-0 irabazi dio Atletico Madrili larunbat honetan San Mamesen jokatu den EA Sports Ligako 15. jardunaldiko partida. Euskal taldea nagusi izan da jokoan une oro, eta Berenguerrek sartu du garaipenaren gola.

Athletic aurkaria oso goian presionatzen hasi da, eta horrek bigarren minuturako akats bat eragin du, ia Sanceten golarekin amaitu dena, gutxigatik ez baita errematera iritsi.

Hurrengo abagunea Guruzetak izan du, 'lehoien' kontraeraso azkar batean, baina ez du sartu jaurtiketa hiru zutoinen artean. 20 minutura buruz saiatu da, baina hau ere ez du ondo bideratu.

Atleticoren aukerarik onena, aldiz, Giuliano Simeoneren errematea izan da, baina Unai Simonek hanka luzatuz aldentzea lortu du.

Euskal taldeak erritmo altuarekin jarraitu du, eta Nicok ere bat egin du erasoko festarekin. Baina, ordu erdira, Laportek min hartu du eta Vivianek ordezkatu behar izan du.

Bigarren zatian intentsitatea nabarmen jaitsi da, baina ez partidaren gidaritza. Athleticek protagonismo gehixeago izaten jarraitu du, eta aukerarik onenak ere izan ditu. Izan ere, Berenguerrek area barrutik egindako errematea gora bota du, aukera bikaina galduz.

Azkenean, asko tematu ondoren, Nicok banakako jokaldi on bat egin du eta Berenguer bilatu du area barruan, ezkerkada batekin baloia sarera bidali duena (1-0).

Horrela, Athleticek merezitako hiru puntu eskuratu ditu, nagusi izan den partida batean.