Athletic Club
Larunbatean, 22:00etan
Athleticek hirugarren garaipena jarraian lortu nahi du
Erredakzioa
Zaragoza izango du aurkari larunbatean, 22:00etan San Mamesen, Markel Susaeta eta Fernando Amorebieta baja izango dira partida honetarako. Laportek hasieratik jokatuko du.
Athleticek Zaragoza izango du aurkari larunbat honetan San Mamesen, 22:00etan. Hirugarren garaipena jarraian lortu nahi dute zuri-gorriek, urteari amaiera ona emateko.
Partida honetarako baja garrantzitsuak izango ditu Marcelo Bielsak zuzentzen duen taldeak. Fernando Amorebieta min hartuta dago, eta baja izango da. Markel Susaetak ere ez du Zaragozaren aurka jokatuko, zigortuta baitago. Ander Iturraspe zalantza da.
Amorebietaren hutsunea Aymeric Laportek beteko du. Jokalari frantziarrak lehen taldeko fitxa du jada, eta Amorebietaren postuan jokatuko du. Iturrasperen ordez Mikel San Josek jokatuko du zelai erdian. Susaetaren tokian De Marcosek joka lezake, baina Bielsak ez badu zelai erditik kendu nahi, Toquerok edo Ibai Gomezek joka lezakete eskuin hegalean.
Zaragoza ondo jokatzen ari da denboraldi honetan, nahiz eta puntuek ez duten errealitatea islatzen. Ivan Obradovicen, Adam Pinterren eta Carlos Arandaren bajak izango ditu Aragoiko taldeak. Glenn Loovens erdiko defentsa jokatzeko prest izango du Manolo Jimenez entrenatzaileak.
Bielsak Athleticen hamaikakoa baieztatu du arratsaldeko azken entrenamenduan.
Athletic hamaikakoa: Iraizoz; Iraola, Ekiza, Laporte, Aurtenetxe; San Jose; Ibai, De Marcos, Herrera, Muniain; eta Aduriz.
Zaragozaren ustezko hamaikakoa: Roberto; Sapunaru, Loovens, Alvaro, Abraham; Movilla, Apoño; Zuculini, Victor, Montañes; eta Postiga.
Epailea: Mateu Lahoz.
Zelaia: San Mames.
Ordua: 22.00etan.
¿