Athletic Club
Lehiaketa Batzordearen aginduz
Pitik ez du zigorra bete beharko eta Athleticen aurka jokatu ahalko du
Erredakzioa
Rayoko jokalariak txartel horia ikusi zuen Getaferen aurka, eta partida bateko zigorra betetzea egokitzen zitzaion, baina Lehiaketa Batzordeak baliorik gabe utzi du derbian ikusi zuen txartela.
-
Piti Rayo Vallecanoko jokalaria, gol bat ospatzen. Argazkia: EFE
Athleticek Rayo Vallecano izango du aurkari ostiral honetan San Mamesen, 21:30ean. Madrileko taldea bolada onean dator, eta gainera, taldeko golegile onena jokatzeko prest izango du.
Piti da Rayo Vallecanoko golegile onena. Iragan astelehenean txartel horia ikusi zuen Pitik Getaferen aurka, eta, txartelen zikloa betetzeagatik partida bateko zigorra betetzea egokitzen zitzaion. Espainiako Futbol Federazioko Lehiaketa Batzordeak, ordea, baloirik gabe utzi du Pitik Getaferen aurka ikusi zuen txartel horia. Ondorioz, Pitik Athleticen aurka jokatu ahalko du ostiralean.
Mikel Rico Granadako jokalariak antzeko egoera bizi izan zuen Valentziaren aurkako partidan. Euskal erdilariak txartel horia ikusi zuen, epailearen ustez baloia eskuz moztu zuelako. Bideoak argi uzten zuen Ricok ez zuela baloia eskuarekin ukitu, baina Lehiaketa Batzordeak ez dio txartel horia kendu, eta partida bateko zigorra bete beharko du.
Bestalde, Lehiaketa Batzordeak Aymeric Laportek partida bateko zigorra bete beharko duela iragarri du, Levanteren aurka ikusi zuen txartel gorriaren ondorioz.