Athletic Club
Igandean, 19:00etan
Athleticek eta Espanyolek hobekuntza berretsi nahi dute San Mamesen
Erredakzioa
Iragan jardunaldian, Valladoliden, lortutako berdinketa garaipen batekin berretsi nahi dute zuri-gorriek. Bielsak Gurpegui, Llorente, Ekiza eta Amorebieta ezin izango ditu zelairatu.
Azken asteetan bi taldeek azaldutako hobekuntza berretsi nahi dute Athleticek eta Espanyolek San Mamesen. Bi taldeek egoera zaila bizi zuten eta azken asteetan sailkapeneko erdialdera salto egin dute.
Zuri-gorrien kasuan, etxetik kanpo berdinketa lortu eta gero etxean irabazi nahi dute. Hau da, Iragan jardunaldian, Valladoliden, lortutako berdinketa garaipen batekin berretsi nahi dute.
Jose Zorrilla futbol-zelaian bina berdintzea beste aurrerapauso bat izan zen Marcelo Bielsaren taldearentzat. Rayo Vallocanoren aurka San Mamesen galdu eta gero hondoa jo zuten bizkaitarrek. Bigarren itzuliaren hasieran, bisitari gisa bi berdinketa (Villamarinen eta Valladoliden) erdietsi ditu Athleticek, eta Bilbon Atletico hartu du mendean (3-0).
Carlos Gurpegui min hartuta dago eta Marcelo Bielsak hamaikakoan aldaketak egin beharko ditu. Horrela, Mikel San Jose atzeratuko du, Aymeric Laporterekin batera zentral gisa jokatzeko.
Ondorioz, Ander Iturraspek ohiko tokia berreskuratzeko aukera izango du zelai erdian, euskarri lanak egiteko. Gainerako hamar jokalariak azken partidako berdinak izango dira.
Era berean, Borja Ekizak, Fernando Llorentek eta Fernando Amorebietak ez dute jokatzerik izango. Cantaurako atzelariak sorbaldan arazoak ditu, Venezuelarekin Madrilen entrenatu eta gero.
Bestalde, Espanyolek bolada onari eutsi nahi dio San Mamesen; izan ere, Javier Aguirre entrenatzailea denetik porrot bakarra jaso dute kataluniarrek. Jaitsiera postuetan izatetik bost puntuko abantaila izatera pasa dira.
Mexikoko prestatzailearekin fedea berreskuratu du Espanyolek. Joko biziagoa dute, arriskurik gabeko jokaldiak egiten dituzte eta atzealdean sendo daude. Baina Athleticen etxea ez zaie ondo eman azken denboraldietan: Espanyolek San Mamesen 2000-1 denboraldian lortu zuen azken garaipena. Orduz geroztik, sei porrot eta bost berdinketa erdietsi dituzte.
Ustezko hamaikakoak:
Athletic: Iraizoz; Iraola, San Jose, Laporte, Aurtenetxe; Iturraspe, De Marcos, Herrera; Susaeta, Aduriz eta Muniain.
Espanyol: Kiko Casilla; Javi Lopez, Colotto, Hector Moreno, Capdevila; Víctor Sanchez, Forlín; Stuani, Verdu, Simao; eta Sergio Garcia.
Epailea: Velasco Carballo (Madrilgo batzordea).
Futbol-zelaia: San Mames.
Ordua: 19:00.