Athletic Club
Lezaman
Etxeita normal aritu da eta Ekizak entrenamendua utzi du
Erredakzioa
Markel Susaetak prentsaurrekoa eman eta Zaragozaren aurkako porrotak "kargu hartzeko" balio diela azpimarratu du.
-
Muniain, Iraola eta Gurpegui, Lezaman egindako entrenamendu batean. Artxiboko irudia.
Xabi Etxeitak arazorik gabe entrenatu du gaur Lezaman, atzo, Athletic - Zaragoza partidan, "narridura arina" pairatu ostean. Ekizak, aldiz, saioa amaitu baino lehen utzi du entrenamendua, molestia batzuen ondorioz.
Ekizak minutu gutxi eman ditu Lezamako berdegunean, Zaragozaren aurka titular izan ziren gainontzeko jokalariekin. Ibai Gomez ez da atera ere egin, bizkarrean arazo batzuk dituelako.
Bero handia izan da Lezaman, eta Valverdek Las Llanasera eraman ez zituen jokalariekin lan egin du (Gurpegui, Susaeta, Iraola, San Jose, Herrera eta Saborit), eta bigarren zatian aritu ziren lau jokalarirekin: Kike Sola, Muniain, Aurtenetxe eta Beñat.
Susaeta: 'Atzokoaz kargu hartu dugu'
Ordu eta erdiko entrenamenduaren ostean, Markel Susaetak prentsaurrekoa eman du. Susaetak ez zuen Zaragozaren aurka jokatu, baina partidaz aritu da eta porrotak "kargu hartzera" lagundu diela esan du, batez ere defentsan oraindik egiteke daukaten lanean.
"Valverdek ideia berriak ditu defentsan, baina ideia horiek barneratzen ari gara eta bide onean gaudela uste dugu. Sentsazio onak ditugu eta hurrengo partidetan hobera egin eta erasoan zein defentsan sendotasun gehiago agertzea espero dugu, erasoan ere gehiago asmatu behar dugulako", azaldu du Susaetak.