Athletic Club
Eurokopa jokatu ostean
Laporte entrenamenduetara itzuli da
Erredakzioa
19 urtez azpiko Eurokopa jokatu ondoren Athleticekin normaltasunez entrenatu da. Min hartuta dauden Iraizoz, Ekiza eta De Marcos ere hainbat ariketa egiteko gai izan dira.
-
Aymeric Laporte. Argazkia: EFE
Aymeric Laporte lan saioetara itzuli dela da Lezaman izan da albiste nagusia. 19 urtez azpiko Eurokopa jokatu ondoren itzuli da Laporte lanera Athleticekin. Bestalde, Iraizozek, Ekizak eta De Marcosek min hartuta jarraitzen dute, baina sendatzetik gertu daude.
Borja Ekizak ia gaindituta du lesioa, eta entrenamendua normaltasuenez egin du astelehen honetan Nizaren aurkako partidan titular izan ez ziren jokalariekin batera. Iraizozek ere lan saioa egin du. Atezainak hainbat ariketa egin ditu, baina ez du baloia kolpatu, eskuin hankan duen lesioak txarrera ez egiteko. Oscar De Marcosek entrenamenduaren lehen saioa normaltasunez egin du, eta baloiarekin ere ariketak egin ditu, baina taldekideen batekin talka egiteko aukera egon den ariketetan ez du parte hartu arabarrak.
Entrenamenduko sustoa Mikel Balenziagak eman du. Hegaleko jokalariak min hartu du ezker hankako belaunean, eta taldekideek baino lehenago amaitu du lan saioa.
Jonas Ramalho, Unai Albizua eta Iñigo Ruiz de Galarreta utzita joango dira beste talderen batera, baina astelehen honetako entrenamendua normaltasunez egin dute. Kepa Arrizabalaga atezaina ere entrenamenduan izan da. Lan saioaren amaieran Nizaren aurkako partidan ordezkoak izan ziren jokalariek penalti jaurtiketak landu dituzte.