Athletic Club
BBVA liga
Athleticek bolada onean dagoen Valentzia hartuko du San Mamesen
Erredakzioa
Granadan jokatutako partida kaskarraren ostean, Valverdek aldaketak egingo ditu hamaikakoan. Gainera, Ibai Gomez min hartuta dago eta litekeena da Muniainek hasieratik jokatzea.
-
Iker Muniainek hasierako hamaikakoan sartzeko aukera handiak ditu, Ibai Gomezen ordez. Efe.
Athleticek Valentzia hartuko du igandean, 21:00etan, San Mamesen. Zuri-gorriek futbol zelai berrian jokatutako bi partidak irabazi dituzte, baina Valentzia bolada onean da, azken lau partidak irabazita baitator (hiru ligan eta bestea Txapeldunen Ligan).
Astelehenean Granadan galdutako partidak, eta, batez ere, emandako irudi kaskarrak igandean emaitza ona lortzeko beharra piztu du bilbotarren artean. Izan ere, zaleek nahasita daude taldearen errendimenduarekin, aste berean itxura oso ezberdina emateko gai delako.
Los Carmenes futbol zelaian jasotako porrota bereziki mingarria izan da zuri-gorrientzat, han garaipena lortuta Txapeldunen Ligarako sailkapena ematen duten postuetan sartzeko aukera baitzuten. Dena den, bosgarren postuari eutsi diote, eta postu hori Valverderen talde ohiaren aurka defendatzeko prest daude.
Litekeena da, gainera, entrenatzaile zuri-gorriak zenbait aldaketa egitea, taldeak emandako irudi kaskarra ahazten saiatzeko.
Aldaketa horietako bat behartuta egin beharko du Valverdek, Ibai Gomez min hartuta dagoelako. Ziurrenik Iker Muniainek beteko du haren lekua.
Ustezko hamaikakoa:
Athletic: Iraizoz; Iraola, Gurpegui, Laporte, Saborit; Iturraspe, Beñat, De Marcos; Susaeta, Aduriz eta Muniain.
Valentzia: Guaita; Barragán, Ricardo Costa, Mathieu, Guardado; Javi Fuego, Banega, Fede, Pabón; Jonas eta Postiga.
Epailea: Del Cerro Grande (madrildarra).
Futbol zelaia: San Mames.
Ordua: 21.00.