Itxi

Athletic Club

Carlos Gurpegui

'Aukerak sartzea falta zaigu, baina gauzak ondo egiten ari gara'

Erredakzioa

"Taldea ondo dago, baina ez gara gola egiteko gai. Merezi izan gabe bi partida galdu ditugula da gehien kezkatzen nauena, ez gola egiteko dauzkagun arazoak", esan du atzelari zuri-gorriak.

  • Gurpegui, Agirretxerekin borrokan, Anoetako derbian. Efe.

    Gurpegui, Agirretxerekin borrokan, Anoetako derbian. Efe.

Carlos Gurpegi Athleticeko jokalariak onartu egin du taldeari "aukerak gauzatzea" falta zaiola. Hala ere, atzelariaren ustez, zuri-gorriak "gauza asko" ondo egiten ari dira, nahiz eta azken bi partidak galdu eta Betisen eta Realaren aurka golik sartu ez.

"Emaitza txarrak izan ditugun arren, meritu ugari egiten ditugu, baina etekin txikia ateratzen diegu. Taldea ondo dago, baina ez gara gola egiteko gai. Dena den, merezi izan gabe bi partida galdu ditugula da gehien kezkatzen nauena, eta ez gola egiteko dauzkagun arazoak", hausnartu du Gurpeguik Lezaman egindako entrenamenduaren ostean.

Nafarraren arabera, Athleticek Benito Villamarinen "emaitza hobea" lortzeko "guztia" egin zuen.

"Partidaren pisua guk eraman genuen, eta aukera oso argiak izan genituen. Hala ere, azkenean emaitza oso arriskutsua lortu genuen eta kanporaketa airean dago. Dena den, ziur naiz kanporaketa etxean irauliko dugula", azpimarratu du jokalariak.

Gurpegik ezin izango du larunbatean Almeriaren aurka jokatu, zigortuta dagoelako.