Itxi

Athletic Club

Prentsaurrekoa

Urrutia: 'Muniainek denbora eskatu dit negoziatzen hasi aurretik"

Erredakzioa

Athleticeko presidenteak ez du kasu hau asko luzatzea nahi, baina jokalariak hilabete batzuk eskatu dizkio. Real Madrilen aurkako partida 'klubaren egun erdia' izendatu dute.

3:23

Josu Urrutia Athleticeko presidenteak prentsaurrekoa eman du astearte honetan, eta talde zuri-gorriaren aktualitateko gaiak aztertu ditu. Gai esanguratsuena Muniainen kontratu berritzearena izan da.

"Iker Muniaini esan diogu garrantzitsua dela proiektuan eta kontratua berritu nahi diogula, baina jokalariak denboraldi amaierara arte itxaron nahi du kontratua berritzeko negoziazioak hasteko. Hau esatearekin ez dut alarmista izan nahi. Proiektu sendoa dugu eta Muniain hemen geratzea espero dut. Oraindik ez dugu diru kopuruez hitz egin", esan du Josu Urrutiak.

Muniainen kontratu berritzeak ez duela aldagela kutsatuko uste du Urrutiak: "Honek ez du zertan aldagela kutsatu. Javi Martinezen eta Llorenteren kasuak pasatu dira jada, eta denak ez dira berdinak izango. Iker Muniainek Athleticekin kontratua berrituko duen esperantza dut".

Athletic denboraldi ona egiten ari da, eta jada beste klub batzuek jokalari batzuenganako interesa dutela zabaldu da. Jokalari horietako bat Aymeric Laporte da. Laporteren etete klausula ordaintzeko prest omen daude talde batzuk, baina Urrutiak ez daki ezer gai horren inguruan: "Ez dugu Laporterengatik eskaintzarik jaso, eta inork ez digu jakinarazi jokalariaren etete klausula ordaintzeko prest dagoenik".

Fitxaketez ere hitz egin du Athleticeko presidenteak. Beñatekin pazientzia izan behar dela esan du, eta klubak Igorreko jokalariarengan konfiantza osoa duela. Bestalde, neguko merkatuan irten daitezkeen jokalarien harian, hauxe esan du: "Oraindik ez dugu ezer zehaztu".

"Klubaren egun erdia", Real Madrilen aurka

Josu Urrutiak esan duenez, otsailaren 2an San Mamesen jokatuko den Athletic-Real Madril partida "klubaren egun erdia" izendatu du zuzendaritzak.

San Mames ixteko lanei buruz ere hitz egin du presidenteak: "Harmailak bukatzeko epeak betetzen ari dira, eta lanak bide onetik doaz. Berdegunea hobetzen saiatzen ari gara".

Urrutiak ez du prentsaurrekoa bukatu nahi izan Bigarren B Mailako II. Multzoko liderraz, Bilbao Athletic taldeaz, hitz egin gabe: "Kuko Ziganda eta Bilbao Athletic denboraldi bikaina egiten ari dira. Lan ona egiten dabil bigarren taldea, eta hori oso ona da lehen taldearentzat".