Athletic Club
4. postua sendotu nahi dute
Athleticek etxeko garaipenetara itzuli nahi du Espanyolen kontra
Erredakzioa
Andoni Iraola hasierako hamaikakora itzuliko da. Ander Iturraspek, zigortuta, ez du jokatuko.
-
Andoni Iraola, Espanyolen kontrako joaneko partidan. Argazkia: EFE.
Athleticek sailkapeneko laugarren postura bidali duen erregulartasuna berreskuratu nahi du, igandean 19:00etan, Espanyolen kontra San Mamesen. Zuri-gorriek berdinketa lortu zuten Balaidosen eta Real Madrien kontrako neurketan, eta hiru puntu irabazi nahi dituzte oraingoan, talde gogorraren aurka.
Espanyolek, bere aldetik, sentsazio onekin bukatu zuen azken partida, Granadaren kontra, eta adorez beteta helduko da Bilbora. Iaz, Bartzelonako taldeak Athletic jipoitu zuen etxean (0-4), eta krisia eragin zuen Bilbon. Orain, mendekuaren bila irtengo dira zuri-gorriak, oso testuinguru ezberdinean. San Mamesek ez du oraindik porrotik ikusi Ligan.
Ernesto Valverderen arabera, Espanyolek "asko estutzen zaitu" eta "jokoa oso dinamika itsusi batera eramatera behartzen zaitu". Taldeak irabazi "behar" du, hiru puntu lortzeko eta Vila-real laugarren postutik urruntzeko.
Andoni Iraola hamaikakora itzuliko da, azken bi partidak jokatu dituen Oscar de Marcosen ordez. Ander Iturraspe, jokalari ezinbestea aurtengo denboraldian, zigortuta dago, eta Erik Moran edo Mikel San Jose jarriko du Valverdek bere ordez. Beñatek, lesionatuta, ez du jokatuko, Gaizka Toquerok bezala.
Oscar de Marcosek beste leku batean joka dezake, aurrerago, eta Ibai Gomez ere, taldeko pitxitxia, hasieran egon daiteke.
Javier Aguirreren taldean, bere aldetik, Gabriel Torje eta Sidnei izango dira berritasunak. Hala ere, Victor Alvarez ez da ezker hegalean egongo eta Manu Lanzarote erdilariak ere ez du jokatuko. Espanyol erregulartasunaren bila doa, Lehen Mailan geratzeko 42 puntuak lehenbailehen eskuratzeko.
USTEZKO HAMAIKAKOAK
Athletic Club: Iraizoz; Iraola, Gurpegui, Laporte, Balenziaga; Moran, Rico; Susaeta, Herrera, Muniain; eta Aduriz.
Espanyol: Kiko Casilla; Javi Lopez, Colotto, Hector Moreno, Fuentes; David Lopez, Victor Sanchez; Stuani, Sergio Garcia, Torje eta Cordoba.