Athletic Club
Rayoren aurka
Athleticek garaipena du helburu Vallecasen
Erredakzioa
Ernesto Valverderentzat Liga da lehentasuna, eta, hori dela eta, hamaikakorik onena berdeguneratuko du Vallecasen (asteazkenean, 20:00etan).
-
Gurpegui eta Laporte, berriro ere elkarrekin defentsan. Argazkia: EFE
Athleticek Rayo Vallecanoren aurka jokatuko du asteazken honetan Vallecasen, BBVA Ligako 5. jardunaldiko partidan. Liga bideratzea du helburu talde zuri-gorriak, jarraian bi porrot jaso eta gero (FC Bartzelona eta Granada). Rayok, bestalde, oraindik ez du denboraldi honetan garaipenik lortu.
Shakhtarren aurkako Txapeldunen Ligako partidan hutsean berdindu eta gero, Ligako neurketan ezin izan zuen Athleticek Caparrosen Granada mendean hartu (0-1), eta horrek aurreneko zalantzak eragin ditu.
Valverderentzat Liga da lehentasuna, eta, hori dela eta, hamaikakorik onena berdeguneratuko du. Hori horrela, Gurpegui eta Laporte elkarrekin arituko dira berriro ere defentsan. De Marcosek ere hasieratik jokatzeko aukera izango omen du.
Moran eta Unai Lopez aulkian geratuko dira, eta zelaiaren erdia Ricorentzat eta Beñatentzat izango da. Ibai Gomez, bestalde, ez da, ia seguru, neurketa jokatzeko moduan izango. Ager Aketxe ere bajan dago.
Ustezko hamaikakoak:
Rayo Vallecano: Cristian Alvarez; Tito, Ze Castro, Ba, Insua; Trashorras, Baena; Aquino, Bueno, Kakuta; eta Leo edo Pereira.
Athletic: Iraizoz; De Marcos, Gurpegui, Laporte, Balenziaga; Iturraspe, Rico, Beñat; Susaeta, Aduriz eta Muniain.
Epailea: Melero Lopez.
Futbol-zelaia: Vallecas.
Ordua: 20:00.