Itxi

Athletic Club

Azken jardunaldia

Eibar, bigarren mailara; Athletic, Europara

Leire Etxazarra | eitb.eus

Armaginek maila galdu dute, Ipuruan Kordobari 3 eta 0 irabazi dioten arren. Deporrek Nou Campen lortutako berdinketak Garitanoren taldeak zituen itxaropen guztiak uxatu ditu.

6:46

Eibarrek bigarren mailan jokatuko du datorren denboraldian. Gaizka Garitanoren taldeak kolpe itzela hartu du, Ipuruan Kordobari aise gailendu zaion arren, 3-0. Deportivok Nou Campen lortutako binakoak ezerezean utzi ditu armaginen itxaropen guztiak.

Armaginek berehala bideratu dute garaipena, Ipuruako zaleen zoramenerako. Arruabarrenak lehen gola egin du 5. minutuan, eta Raul Navasek bigarrena, 10.ean. Capak hirugarrena sartu du 33.ean. Eibar salbatuta zegoen, Deportivo 2 eta 0 galtzen ari baitzen Bartzelonaren aurka.

Baina galiziarrek, ezustean, partida irauli dute, berdinketa lortzeko, eta Luis Enriqueren taldeak ez du ezertxo ere egin hirugarren gola sartzeko. Denbora-pasan aritu dira zelaian, paseak bata besteari etengabe emanda.

Ipuruan guztiak Bartzelonara begira izan dira, behin garaipena ziurtatuta. Baina gainerako emaitzek ez dute gipuzkoarren alde egin, eta bigarren mailara itzuliko dira datorren denboraldian. Gaizka Garitanok, gainera, entrenatzaile kargua utziko du.

Fitxa teknikoa:

3 - SD Eibar: Xabi Iruretagoiena; Bóveda, Lillo, Raúl Navas, Dídac Vilà; Borja Fernández (Errasti, 30. min), Dani García; Capa (Añibarro, 86. min), Arruabarrena, Javi Lara; eta Saúl Berjón (Angel, 86. min).

0 - Kordoba: Mikel Saizar; Gunino, Fran, Deivid, Edimar; Luso, Abel Gómez; Fidel, Borja García (García, 77. min), Fede Vico (Biljimine Jonathan, 46. min); eta Florin Andone.

Golak: 1-0. Arruabarrena; 2-0. Raúl Navas; 3-0. Ander Capa.

errasti eibar efe

 

Athletic: Iraolaren agur gozoa

Athleticek, berriz, jardunaldi biribila izan du. Zuri-gorriek Europa Liga jokatuko dute, San Mamesen Vila-real 4-0 mendean hartu ondoren. Iraolaren agurra izan da, usurbildarrak ez du gaurko partida ahaztuko, bilbotarren bigarren gola berak egin duelako. Bukaeran, taldekideen eta zaleen omenaldia jaso du.

Valverderen taldea jaun eta jabe izan da zelaian. Vila-realek baja ugari zituen eta horrek ere eragina izan du. Adurizek egin du lehen gola, penaltiz, 23. minutuan. Bigarrena, esan bezala, Andoni Iraolak egin du, bilbotarren jokaldi bikaina era ezin hobean biribilduta.

35.ean iritsi da hirugarrena. Beñatek egin du, falta bat maisuki jaurtita. Gol ederra izan da. Atsedenaldirako, Athletic 3 eta 0 izan da aurretik.

Bigarren zatian, Vila-realek amore eman du, eta ez du lehen zatian bezalako arriskurik sortu. Adurizek lehoien laugarrena egin du 60. minutuan; gol ederra egin du donostiarrak.

Azkenean, merezitako garaipena lortu dute zuri-gorriek. Ondorioz, Europa Liga jokatuko dute datorren denboraldian, bigarren itzuli bikaina egin ostean.

Fitxa teknikoa:

4 - Athletic Club: Herrerín; De Marcos, Etxeita (Iturraspe, 77. min), Laporte, Balenziaga; Iraola (Rico, 63. min), San José, Beñat, Aketxe (Susaeta, 54. min); Williams eta Aduriz.

0 - Vila-real: Juan Carlos; Rukavina (Aleix, 77. min), Dorado, Víctor Ruiz, Jokic; Mario Gaspar, Trigueros, Bruno Soriano (Bailly, 67. min) Jaume Costa (Moi Gómez, 59. min); Campbell eta Gerard Moreno.

Golak: 1-0, 24. min: Aduriz, de penalti. 2-0, 27. min: Iraola. 3-0, 35. min: Beñat. 4-0, 60. min: Aduriz.

athletic gol iraola efe

 

Reala garaile Vallecasen

Realari dagokionez, txuri-urdinek garaipen batekin esan diote agur denboraldiari, iragan asteburuan Anoetan emandako itxura kaskarra ahaztarazteko.

David Moyesen taldea 2 eta 4 gailendu zaio Rayori Vallecasen. Carlos Vela, Chory Castro, Agirretxe eta Elustondo izan dira golegileak. Madrildarren golak Buenok eta Morcillok egin dituzte.

Fitxa teknikoa:

2 - Rayo Vallecano: Toño; Tito, Morcillo, Zé Castro (Leo Baptistao, 75. min), Nacho; Aquino (Alex Moreno, 58. min), Fatau (Jozabed, 80. min), Trashorras, Embarba; Bueno; eta Manucho.

4 - Reala: Rulli; Zaldua, Mikel González, Iñigo Martínez, De la Bella; Bergara (Elustondo, 61. min), Rubén Pardo; Canales, Granero (Aguirretxe, 68. min), Chory Castro; eta Carlos Vela.

Golak: 0-1: Carlos Vela (19. min); 0-2: Chory Castro (21. min); 1-2: Bueno (41. min); 2-2: Morcillo (64. min); 2-3: Aguirretxe (73. min); 2-4: Elustondo (74. min).

gol real rayo efe

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Eibar albisteak