Athletic Club
Europa Liga
Aduriz bere aldetik entrenatu da, eta Muniain kanpoko zelaira atera da
Agentziak | Erredakzioa
Athleticeko jokalariak lanean hasi dira berriro ostegunean Zilinaren aurka jokatuko duten partida prestatzeko, Europa Ligan jokatzeko txartelaren bila.
-
Athleticen entrenamendu bat / EFE.
Athleticeko jokalariek entrenamendua egin dute berriro, ostegunean Zilinaren aurka jokatuko duten partida prestatzeko, Europa Ligan aritzeko txartelaren bila. Aritz Aduriz bere aldetik entrenatu da, eta Iker Muniain (aspaldi lesionatu zen) baloiarekin trebatu da kanpoko zelai batean.
Ernesto Valverdek ohiko saioa prestatu du Bartzelonaren aurkako hasierako hamaikakoan egon zirenentzat, eta entrenamendu apur bat gogorragoa egin du gainerakoentzat.
Entrenatzaileak 18 jokalari izan ditu gaur. Taldetik bereizita aritu da Aduriz, prestatzaile fisikoaren agindupean, taldekideek muskuluak luzatzeko ariketak eta beroketak egin dituzten bitartean. Hala ere, aurrelariak ez du arazorik izango Eslovakiako taldearen kontrako neurketan egoteko.
Athelticek Europa Ligako taldekako fasera igarotzea du jokoan, joanekoan 3-2ko emaitza lortu ondoren (0-2koa zen atsedenaldian).
Berritasun nagusia Muniain kanpoan entrenatzen ikustea izan da, lesionatu zenetik lehen aldiz egin baitu. Lau hilabete baino gehiago pasatu dira ezker belaunean lesio larria egin zuenetik.
Mikel Balenziaga eta Xabi Etxeita ere, bakoitza bere aldetik entrenatu dira. Ostegunean, lehenengoa ez da jokatzeko moduan izango, eta bigarrena zalantzan dago. Mikel San Jose, Ander Iturraspe eta Iñaki Williams (bajan daude) gimnasioan aritu dira.
Athleticek bihar egingo du azken entrenamendua, ateak itxita, eta Zilina San Mamesen entrenatuko da.
entrenatuko da.