Athletic Club
San Mames berria
Athletic: Hordagoa Eusko Jaurlaritzari
Haritz Gallastegi
Jaurlaritzaren babesarekin edo babes gabe, zelai berriari "bultzada" ematea adostu du San Mames Barria elkarteak.
San Mames berriaren lehen harria datorren apirilaren amaieran edo maiatzaren lehen egunetan jartzea adostu dute San Mames Barria elkarteko hiru kideek. Asko izan dira Athleticek, BBK-k eta Bizkaiko Foru Aldundiak adostutako akordioak, baina azpimarragarriena da epe laburrean Bilboko Udalera joko dutela zelai berria eraikitzen hasteko behar den obra lizentzia eske.
2012-2013 denboraldiaren hasieran Athleticek zelai berria estrainatzea espero dute elkarteko kideek. Baina urtebete baranduagoara arte ez da guztiz amaituta egongo -2018an Espainiak eta Portugalek elkarrekin antolatu guran duten Munduko Kopan egoitzetako bat izatea espero dute Athleticeko agintariek-.
Guztira 157 milio euroko kostoa izango du zelai berriak, eta ez dago argi Eusko Jaurlaritzatik espero diren 55 milioi euroak ailegatuko diren edo ez. Mementoz, ez du egitasmoan parte hartuko duela baieztatu. Jaurlaritzaren babesarekin edo babesik gabe zelaia egingo dela adierazi dute. “Nik ez dut lan egiten Eusko Jaurlaritzak parte hartuko ez duen hipotesiarekin. Hala ere, proiektuak aurrera egingo du", esan du presidenteak.