Athletic Club
Jueves a las 22:00
San Jose: "Atleticok akatsa egingo luke Madrilekin pentsatzekotan"
Haritz Gallastegi
Lezama
Amorebietak bete beharreko zigorra tarteko, atzelari nafarrak bikote berria izango du atzeko lerroaren erdian; Toquero aparte entrenatu da.
Liga amaitzeko asko falta da eta lanean jarraitu beharra dago sei onenen artean sailkatzeko. Athleticek Vicente Calderon bisitatuko du ostegunean. Duela asko ez arte, oso zelai gaiztoa zen Manzanares zuri-gorrientzat. Azken sasoi bietan, ordea, hiru puntuekin bueltatu da etxera talde bizkaitarra. Hirugarren garaipena erreskan eskuratzea da Caparrosen taldearen asmoa. Baina, inork ez daki zein aurpegi erakutsiko duen aurkariak. Atletico Madril onena eta txarrena emateko gai baita. "Atleticok maila oneko jokalariak ditu, baina onena eta txarrena emateko gai da. Nik uste dut Europarako borrokan murgiltzeko azken aukeraren aurrean daudela", esan du Mikel San Josek.
Kun Agüero eta Forlan zaintzeko lagun berria izango du nafarrak defentsaren erdialdean. Ustaritz da Amorebietaren lekuan aritzeko hautagai nagusia. "Biekin konpontzen naiz ni ondo", esan du.
Gorka Iraizoz ere ildo beretik jardun da. "Gure taldean ez dira aldaketak nabaritzen", adierazi du atezainak. Baikor, oso baikor agertu da atezaina hurrengo erronkaren aurrean. "Gure buruan konfiantza daukagunean, eta orain badugu, emaitza onak eskuratzen ditugu".
Lan saioari dagokionez, Toquero eta Etxeberria izan dira notizia. Gasteiztarra aparte entrenatu da. Hala ere, ez dirudi ostegunean jokatzeko arazorik izango duenik. Etxeberria, berriz, normaltasun osoz entrenatu da.