Athletic Club
Bi aste geroago hitz egin du
Orbaiz (Athletic-Almeria): "Getaferen aurka oroitzapen txarra dut"
Haritz Gallastegi
Lezama
Partida biko zigorra bete eta lesio bat gainditu ostean taldera bueltatzeko prest dago nafarra.
Pablo Orbaiz lehen aldiz agertu da hedabideen aurrean Getaferen kontrako partidan egotzi zutenetik. Nafarra jokalari lasaia eta arduratsua da. Oso akats eta erokeria gutxi egin ditu bere kirol ibilbide guztian. Baina hilabetean birritan izan zen kanporatua jokoarekin zerikusirik ez zuten arrazoiengatik Ez da ohikoa hori. “Buelta asko eman dizkiot egin nuenari. Beroan egindako jokaldi bat izan zen. Egin behar ez nuen gauza, alegia. Oroitzapen txarra daukat”, adierazi du erdilari nafarrak.
Txarto egindakoetatik ere ikasi egiten da. Etorkizunean akats berbera ez egiteko, alegia. Baina, era berean, aurrera egin behar da. Futbolak jarraitu egiten baitu. Eta ez dago zalantzarik Orbaiz jokalari garrantzitsua izango dela Athleticentzat epe laburrean. Bere taldekide gehienen antzera, baikor agertu da. “31 jardunaldi jokatu ostean goian dauden taldeek gauza asko egin dituzte ondo. Hemen inork ez du ezer oparitzen. Bide onean ari garela uste dut. Egutegi gogorrari aurre egin diezaiokeela erakutsi du taldeak”, azaldu du jokalari nafarrak.