Itxi

Athletic Club

BBVA Liga

Athletic-Almeria: Zuri-gorriak, irabaztera behartuta

Haritz Gallastegi

Lezama

Etxetik kanpo irabazten ez duen bitartean etxeko partidetan garaipenak eskuratzera derrigortuta egongo da Athletic.

Ez da erraza ulertzea Athleticek azken lau hilabeteetan egin duen ibilbidea. Tarte horretan hamazazpi neurketa jokatu dituzte zuri-gorriek. Euretatik bederatzi etxetik kanpo jokatu ditu. Hiru berdinketa baino ez ditu eskuratu. Hiru punturekin konformatu dela, alegia. San Mamesen, berriz, bestelakoak izan dira kontuak. Zortzi norgehiagoka jokatu ditu eta jokoan egon diren hogeitalau puntuetatik hogeitabi eskuratu ditu. Beraz, bistan da zaleen aurrean egin duen lanari esker dagoela Europako postuetan Athletic.

Zortzi jardunaldiren faltan bere esku dauka Athleticek txartela. Baina, Atletico Madril. Getafe eta, batez ere, Vila-Real indartsu datoz atzetik. Horrenbestez, egoera ez aldatzeko garaipenak eskuratzen jarraitu beharko du. Borroka gogorra izango du azken jardunaldira arte.

Almeria izango da bizkaitarren hurrengo aurkaria. Hasiera batean andaluziarrak ez dira Athletic baino gehiago, baina Lillok taldearen ardura hartu zuenetik oso maila ona ematen ari da. “Defentsan hobetu du batez ere. Baloiarekin jokatzea gustuko duen taldea da”, esan zuen Javi Martinezek.
Ba, Almeriari baloia kentzeko euskarri indartsu eta lagileak zelairatuko ditu Caparrosek. Badirudi Gurpegik eta Javi Martinezek jokatuko dutela euskarrian. Aurrean, berriz, Toquero izango da Llorenteren ondoan jokatzeko aukeratutakoa. Gasteiztarrari egokituko zaio presioa hastea. Bestalde, ezker hegalean nork jokatuko duen da zalantza nagusia. Koikiliren eta Castilloren artean aukeratu beharko du entrenatzaileak.

Zelaia: San Mames
Ordua: 17:00etan
Epailea: Clos Gomez

Ustezko hamaikakoa

Iraizoz; Iraola, San Jose, Amorebieta, Castillo; Javi Martinez, Gurpegi, Susaeta, Gabilond; Toquero eta Llorente.