Itxi

Athletic Club

BBVA Liga

Susaeta (Valentzia-Athletic): "Edozein zelaitan irabazi dezakegu"

Haritz Gallastegi

Lezama

Etxetik kanpo lau hilabeteko bolada txarrarekin amaitu gura dute Mestallan zuri-gorriek; De Marcosek eta Muniainek bigarren taldearekin jokatuko dute jardunaldi honetan.

Athletic talde indartsua da oso zaleen aurrean jokatzen duenean. Garaiezina dirudi memento batzuetan. Baina gauzak erabat aldatzen dira kanpoan jokatzea egokitzen zaionean. Jarrera eta joko beretsuarekin aritu arren, hiltzaile zena falta zaio zaleen babesetik urrun jokatzen duenean. Horregatik daramatza lau hilabete etxetik kanpo irabazi ezinik.
Ez dirudi Mestalla denik egoerari buelta emateko zelairik aproposena. Baina jokalariek ez dute ilusioa galdu. Konfiantza dute euren jokoan. “Edozein zelaitan irabazteko gai gara. Defentsan lan ona egiten badugu mendean hartu dezakegu Valentzian”, adierazi du Susaetak.
Eibartarrak jakin badaki ezin izango dutela etxean beti irabazi. Horregatik, Europarako txartela eskuratzeko kanpoan ere puntuak lortzea ezinbestekoa dela iritzi dio. “Goian egon gura badugu ez da nahikoa izango etxeko puntuekin”.
Mikel San Josek, bestalde “ausart” ikusten du taldea. Horregatik da baikor. Baina, era berean, argi dauka Valentzia mendean hartzea lan gaitza izango dela. “Oso talde arriskutsua da. Kontrerasoan jokatzea du gustuko. Jokalari aproposak ditu horretarako. Beraz, arreta handiaz jokatu beharko dugu”, azaldu du.
Caparrosek ez du uste beharrezkoa denik Muniainen eta De Marcosen ekarpena Mestallako partidarako. Horrenbestez, bi aurrelari gazteak Bilbao Athleticekin arituko dira Zamoraren aurka bihar.