Athletic Club
Ustaritz, eskuin hegalean
Osasuna-Athletic: Toquero prest dago derbia jokatzeko
Haritz Gallastegi
Lezama
Aurrelari zuri-gorriak taldearekin egin du lan saio osoa; Bestalde, badirudi Ustaritz izango dela Iraolaren partez aritzeko aukeratutako jokalaria.
Gaizka Toquero prest dago Athletici sasoiaren azken txanpan laguntzeko. Valentziaren aurkako partida bezperan min hartu zuen eta ezin izan ditu zuri-gorrien azken partidak jokatu. Euskal derbia jokalaria berragertzeko goizegi izango zela zirudien, baina gaurko lan saioan taldearekin entrenatu da. Orain, futbolariak eta Caparrosek erabaki beharko dute lan saio bi bakarrik egin dituen jokalari bat zelairatzea egokia den ala ez. Berriz lesionatzeko arrisku handia izan baitezake aurrelariak.
Kontua da Toquero osatzeaz bat lagun askok arnasa hartu dutela. Nork pentsatu zuen fitxatu zutenean Toquero horren jokalalri garrantzitsua izan zitekeenik Athleticentzat? Inork ez. Baina mutil langilea eta saiatua dela erkutsi du. Eta baita dohain onekoa ere. Bere lana taldekide guztiek eskertzen dute: lanerako eta presioa egiteko sekulako gaitasuna dauka. Oso jokalari ezerosoa da aurkarientzat. Hori gutxi ez eta baloiaren jabe denean ere badaki gauzak egiten. Zazpi gol egiteaz gain, asko lagundu die inguruan dituen futbolariei. Galde diezaiotela bestela Fernando Llorenteri.
Ikusi egin beharko da Toquero jokatzeko moduan dagoen ala ez. Eta, era berean, ikusteko dago nork beteko duen Iraolaren lekua eskuin hegalekoan. Gaurko lan saioan ikusitakoaren arabera, Ustaritz izan da hautagai nagusia. Abadiñoarra ustezko atzelari tiularrekin aritu da. Baina ez litzateke lehen aldia izango Caparrosek astean zehar gauza bat erakutsi eta neurketa egunean beste gauza bat egiten duena.