Athletic Club
Porrot mingarria
Gurpegui (Athletic): "Ezin dugu amore eman"
Haritz Gallastegi
Lezama
Athleticeko jokalariek ez dute Europarako txartela eskuratzeko esperantza galdu, baina jakin badakite lan gaitza izango dutela.
Mallorcaren aurkako porrotak min egin du Athleticen. Talde zuri-gorriak ilusio handia zuen irletako taldearen kontrako partidan. Neurketa hasi aurretik jakinaren gainean zeuden irabaziz gero seigarren postua berreskuratuko zutela. Eta, beraz, hiru jardunaldiren faltan euren eskuetan izango zutela Europarako sailkatzeko giltza. Baina ezin izan zuten Mallorca mendean hartu. "Kolpe gogorra izan da. Lehen zatian aukera onak izan genituen, baina ez genuen asmatu. Bigarren zatiaren hasieran egin zizkiguten gol biak gogorrak izan ziren oso", esan du Koikilik.
Hala ere, futbolari zuri-gorriek ez dute amore emateko asmorik. Hiru jardunaldi baino ez dira falta txapelketa amaitzeko eta merezi du borrokan jarraitzea. "Aukera daukagu txartela eskuratzeko eta ahalegina egin ebhar dugu", adierazi du ezker hegalekoak. Gurpegi bere taldekidea baino argiago mintzatu da. "Niri amore ez ematen erakutsi didate. Bestela ez nintzen egongo nagoen tokian. Borrokan jarraitu behar dugu. Saria ederra da. Hori bai, falta diren hiru partidak irabazi behar ditugu".
Javi Martinezen lesioaren garrantziaren zain
Athleticek ez du denbora ako izango hurrengo neurketa prestatzeko. Asteazkenean behar gorrian dagoen Malagak bisitatuko du San Mames. Eta ez dago argi Javi Martinezek jokatzeko aukera izango duen ala ez. Erdilari nafarrak gainkarga dauka hanka batean. Bestalde, Pablo Orbaizek, beste ohiko euskarriak, min hartuta jarraitzen du.