Itxi

Athletic Club

Llorenteren gola

Hercules-Athletic (0-1): Denboraldiko lehen garaipena

Sara Lavado

Erredakzioa

Ez da partida ona izan Rico Perez futbol-zelaikoa, baina Gabilondoren falta jaurtiketa bat buruz errematatu du Llorentek eta hiru puntu batu ditu talde zuri-gorriak.

Garaipen batekin eman dio hasiera Athleticek 2010-2011 denboraldiari. Rico Perezen Hercules taldea gainditu dute Fernando Llorenteren golari esker eta aurtengo aurreneko hiru puntuak batu dituzte (0-1).

Partidako lehen aukera garbiena etxeko taldearentzat izan da. 19. minutuan Toteren pase bikaina jaso du Portillok eta Osasunako jokalari ohia Iraizoz behetik ezustean hartzen saiatu da. Atezain nafarrak geldiketa bikainarekin erantzun dio.

Minutu kaskarrak izan dira Caparrosen gizonentzat. Hercules zen nagusi Athleticek baloia behin eta berriro oparitzen zuen bitartean. Hala ere, markagailua estreinatzeko abagune bi izan ditu Athleticek ia jarraian (atsedenaldira heltzeko hamar minutaren faltan). Susaetak gutxigatik ez du falta batean Calatayuden sarea zulatu eta Gabilondok gaizki errematatu du Toqueroren pasea. Gasteiztarrak min hartu du bere eskuineko orkatila handik gutxira eta bere ordez David Lopez zelairatu da. Horrela bukatu da aurreneko zatia.

46. minutuan markagailuan aurreratu da Athletic. Falta bat bikain atera du Igor Gabilondok eta Llorentek, buruz, 0-1ekoa egin du. Golari esker, konfiantza berreskuratu du taldeak. Herculesen jokoa oztopatzeko asmoz lanean gogor aritu da Athletic. Baina Esteban Vigoren taldeak bere aukerak izan ditu. Azkenean, bilbotarrentzat hiru puntuak. Aurtenetxe gaztearen partida, azpimarratzeko modukoa.


Fitxa teknikoa:

0 - Hercules: Calatayud; Cortes, Abraham Paz, Pamarot, Peña, Fritzler, Abel Aguilar (Kiko, 57''), Tote, Tiago Gomes (Cristian, 84''), Sendoa (Thomert, 68'') eta Portillo.

1 - Athletic: Iraizoz; Iraola, Amorebieta, San Jose, Aurtenetxe, Susaeta (Iturraspe, 84), Gurpegui, Javi Martinez, Gabilondo (Muniain, 54''), Toquero (David Lopez, 39'') eta Llorente.

Gola:

0-1, 46'': Llorente.

Horrelakoa izan da partida eitb.com-en