Itxi

Athletic Club

Prentsaurrekoa

Urrutia, 'baikor' Keparen kontratu-berritzea dela eta

Agentziak | Erredakzioa

Athleticeko presidenteak prentsaurrekoa eskaini du, eta Ondarroako atezainaren etorkizuna izan da gai nagusia. Horrez gain, Zigandari babesa eskaini dio, eta klubaren kirol-egoeraz hitz egin du.

Josu Urrutia Athleticeko presidenteak prentsaurrekoa eskaini du astearte honetan Bilboko Ibaigane Jauregian eta Kepa Arrizabalaga atezainaren kontratu-berritzea izan da mintzagai nagusia.

"Baikorra eta positiboa naiz Kepa Arrizabalagaren kontratu-berritzearen inguruan. Prozesu guztiek dute hasiera eta amaiera bat, baina argi dago laster erabaki bat hartu beharko dugula. Negoziatzen ari gara eta oraindik ez dago posizio erabakigarririk, ez alde baten ez bestearen aldetik. Negoziatzen ari bagara, jokalariak hemen jarraitu nahi duelako dela uste dut, inork ez baitu denbora alferrik galdu nahi. Hori bai, jokalariek ere euren aldetik jarri behar dute horrelako prozesuetan", adierazi du Urrutiak.

Bestalde, Iñaki Williamsen egoeragatik galdetuta, presidenteak hau erantzun du: "Iñakirekin ere hitz egin beharko dugu. Ezin gara lokartu, asko hazten ari den jokalari bat baita, eta etorkizun oparoa baitu". Williamsek 2021. urtera arte du kontratua eta bere etete-klausula 50 milioi eurokoa da.

Athleticek ez dio ondo ekin denboraldiari eta Jose Angel Ziganda entrenatzailea asko kritikatu dute zaleek. Josu Urrutia presidenteak, ordea, babesa eskaini nahi izan dio entrenatzaileari: "Zigandak nire babes osoa dauka. Ni presidente naizenetik denboraldi hasiera kaskarrak izan ditugu, eta taldeak egoera txarrak irauli ditu. Antzeko egoeretan Bielsa eta Valverde entrenatzaileengan konfiantza izan genuen eta ondo atera zitzaigun".

Azkenik, klub zuri-gorriak Oionen (Araba) duen eskolaz mintzatu da, eta esan du Euskal Herrian jaiotako edota euskal harrobietan hazitako jokalariekin bakarrik lan egingo duela. "Naturala zena, artifizial bihurtu da. Athleticeko bazkideek nahi dutena zaindu beharra daukagu", gaineratu du presidenteak.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Athletic