Itxi

Athletic Club

Europa Liga

Athleticek garaipena behar du gaur Ostersunden aurka

Agentziak | Erredakzioa

Hil ala biziko partida dute zuri-gorriek San Mamesen Europa Ligan jarraitzeko (21:05ean). 2 puntu besterik ez dauka Athleticek, eta liderrari irabazi behar dio.

Athleticek Ostersund hartuko du, gaur 21:05ean, Europa Ligan aukerak izaten jarraitzeko hil ala biziko partidan. Garaipena beharrezkoa dute zurigorriek, multzoen faseko lehen hiru jardunaldietan bi puntu baino ez dutelako lortu.

Azken jardunaldian, puntu bat lortu zuten Suedian, Iñaki Williamsek azken momentuan sartutako golari esker. Ostersund nagusi izan zen, baina berdinketak aukerak bizirk mantendu zituen.

Suediarrek 7 puntu dituzte, eta Zorya Luhanskek, 6. Hirugarren postuan Athletic dago, 2rekin, eta azken tokian, 1ekin, Hertha.

Ostersund, Leganes eta Formenteraren aurka irudi txarra eman zuten zurigorriek, baina Bartzelonaren kontra (0-2), galdu arren, beste aurpegi bat erakutsi zuten.

Kuko Zigandak Mikel Balenziagaren zalantza dauka. Ligako partida galdu zuen. Iago Herrerinek atean eta Xabi Etxeitak atzean jokatzea espero da.

Yeray Alvarez, Iker Muniain eta Oscar de Marcos oraindik ez daude jokatzeko prest.

Ostersund, ordea, oso egoera onean daude. Elfsborgi irabazi diote Ligako azken jardunaldian (4-1), eta Europa Ligan sailkapena bideratuta dute. San Mamesen irabazten badute, Zoryaren porrot bat Berlinen nahikoa izango lukete. Ukrainiarrek irabazten badute, Athletic eta Hertha kanporatuta geratuko dira.

Europa Ligan behin baino ez dute kanpoan galdu: PAOKen aurka, play-offeko joanekoan.

Graham Potter entrenatzaileak prest izango ditu Pettersson atzelaria eta Hopcutt erdilaria.

USTEZKO HAMAIKAKOAK

Athletic: Iago Herrerin; Boveda, Etxeita, Laporte, Lekue; Iturraspe, San Jose; Williams, Raul Garcia, Cordoba; Aduriz.

Ostersund: Keita; Mukiibi, Papagiannopoulos, Pettersson, Dennis Widgren; Sema, Bachirou, Nouri, Edwards; Gero, Ghoddos.