Itxi

Athletic Club

Errege Kopa, 0-1

Eraginkortasunik gabe azaldu den Athletic Kopatik at geratu da azken jokaldian (0-1)

Agentziak | Erredakzioa

Zuri-gorriek azken jokaldian, korner batean, jaso dute gola, partidan zehar Formenterari golik egiteko gai ez izan ostean.

  • Athleticek aukerak izan ditu, baina ez da gai izan bat bera ere sartzeko. Argazkia: EFE

    Athleticek aukerak izan ditu, baina ez da gai izan bat bera ere sartzeko. Argazkia: EFE

Formenterak Errege Kopatik kanpo utzi du Athletic norgehiagokako hondarreko jokaldian gola sartuta. Zuri-gorriak faborito ziren, joaneko partidan 1-1 egin ostean aurretik baitzeuden kanporaketan, baina baleartarrek 94. Minutuan gola sartzea erdietsi dute korner batean.

Golak Bigarren B mailako taldeak erakutsitako adorea eta ilusioa saritu ditu. Kanporaketa barruan mantentzen jakin dute neurketan zehar, eta, hura amaitzear zela, izan duten aukera apurretako bat baliatu du sailkapena eman dien gola sartzeko. Alvaro Muñizek egin du, korner baten erdiraketa ondo baino hobeto aprobetxatuta.

Etxekoek merezitako zigorra jaso dute, erabat ezgai azaldu baitira aurkariaren ate aurrean, nahiz eta aukera nabari eta ugariak izan dituen, batez ere Iñaki Williamsen oinetan, baina aurrelaria ez da batere fin ibili.

Jose Angel Zigandak Aduriz, Iturraspe eta Raul Garcia zelairatu ditu bigarren zatian, baina haiek ere ez dute asmatu.

Horrenbestez, 0-1ekoarekin etxekoak txapelketatik kanpo daude. 2012-2013 denboralditik ez ziren final-hamaseirenetatik aurrera ezin eginda geratzen. Urte hartan bigarren B mailan zegoen Eibarrek kaleratu zituen.

Fitxa teknikoa:

Athletic Club 0: Iago Herrerín; Lekue, Etxeita, Laporte, Saborit; San José, Vesga (Iturraspe, min. 74); Sabin Merino (Aduriz, 64. min), Aketxe (Raúl García, 81. min), Córdoba; eta Williams.

SD Formentera 1: Marcos; Bonilla, Rosa, Samuel (Quico, 65. min), Agus; Liñán; Omar, Garmendia (Álvaro, 77. min), Nando (Gabri, 69. min), Riera; eta Juan Antonio.

Golak: 0-1, 94. min: Álvaro.

Epailea: Carlos Del Cerro Grande (Madrileko batzordea). Txartelo horiak: Quico (92. min).