Itxi

Athletic Club

Sanchez Pizjuan futbol zelaian

Sevilla-Athletic (4-3): Emaitza ez da bidezkoa izan

Josu Bilbao

Erredakzioa

Clos Gomez epaileak Sevillaren aldeko bi penalti asmatu ditu. Caparrosen taldeak erantzutea lortu du, baina epailearen erabakiak erabakiorrak izan dira. Llorentek eta Gabilondok egin dituzte golak.

Athleticek ezin izan du punturik lortu, epaileak kontrako bi penalti zalantzagarri adierazi eta gero. Zuri-gorriak 3-0ekoaren ondoren gora etorri dira eta 3-2koa lortu dute. Orduan Clos Gomez epaileak Sevillaren aldeko beste penalti bat adierazi du eta Gabilondoren gola beranduegi heldu da 4-3koa jarriz.

Zuri-gorriek ederki hasi dute norgehaigoka, Sevilla atzean sartuz eta erasoan aukerak sortzen. Caparrosek Iker Muniain eta Susaeta jarri ditu hasierako hamaikakoan eta Athleticek bi gazteen abiadura nabaritu du, hegaletatik arriskua eramanez. Javi Martinezek aukera ona izan du partidako 7. minutuan, baina bere burukada Palopek geldiketa eder batekin hartu du. Bilbotarrek erasoan jarraitu dute andaluziarren areara erraz heltzen, baina zuri-gorriek ez dituzte gol aukera garbiak sortu. Luis Fabianok bi aukera paregabe izan ditu eta Gorka Iraizozek ederki desbideratu ditu.

Norgehiagokaren 35. minutuan Luis Fabianok 1-0ekoa lortu du area barneko jaurtiketa batekin. Baloia eta atezainaren artean jokalari asko egon dira eta Sevillak lehen gola lortu du. Markagailuan aurrea hartu dutenetik andaluziarrak nagusi izan dira eta Athleticek kontraerasoa bilatu du. Hala ere, 44. minutuan jokaldi zalantzagarri baten ondoren etxekoek 2-0ekoa lortu dute. Ustaritzek ondo hartu dio aurrea Luis Fabianori, baina brasildarrak bere burua lurrera bota du eta Clos Gomez epaileak penaltia adierazi du. Kanoutek hamaika metroetatik jaurti du 2-0ekoa jarriz. Atsedenaldira sevillarrak erosoegi joan dira, markagailuan agintzen.

Bigarren zatian Sevillak partida lasaitu nahi izan du eta ez dio Athletici joakoari abiadura ezartzen utzi. 49. minutuan Capelen jaurtiketa Iraizozen ateko zutoinera joan da eta jokaldi honen ostean etxekoak erasora animatu dira. 62. minutuan Luis Fabianok 3-0ekoa lortu du gol bikain bat sartuz, Iraizoz gainetiko jaurtiketa batez gainditu baitu brasildarrak.

Zuri-gorriek ez dute amorerik eman eta nahiz eta markagailuan atzetik joan Susaetak bi aukera paregabe izan ditu. Hala ere, Palop ezin hobe egon da, sendo, bere atea zaintzen. 65. minutuan Navarrok bigarren txartel horia ikusi du eta Sevilla hamar jokalarirekin gelditu da. Horrela, 74. minutuan bilbotarren lehen gola etorri da, Susaetaren erdiraketa Llorentek buruz golera bidali baitu, 3-1ekoa jarriz. Caparrosen taldea gora etorri da eta epaileak penaltia adierazi du Konkok eskuarekin jo duelako baloia area barnean. Llorenteren jaurtiketa Palopek desbideratu du, baina aldaratzea aurrelari errioxarrak berak sartu du 3-2koa ezarriz.

Bazirudien Athleticek partida berdintzea lortuko zuela, baina Orduña Clos Gomez epaileak erabaki zalantzagarri eta ulergaitza hartu du. Epaileak Ustaritzen penaltia adierazi du, jokaldia Negredoren falta argia izan denean. Kanoputek penaltia jaurti eta 4-2koa jarri du markagailuan. Partida erabakita zegoenean, Gabilondok 4-3koa sartu du buruarekin.

- Fitxa teknikoa:

4 - Sevilla FC: Palop; Dabo, Martin Caceres, Alexis, Fernando Navarro; Konko, Renato, Romaric (Guarente, m.86), Diego Capel (Perotti, m.72); Kanoute eta Luis Fabiano (Negredo, m.74).

3 - Athletic Club: Iraizoz; Iraola, San Jose, Ustaritz, Koikili; Susaeta, Javi Martinez, Gurpegui (Orbaiz, m.66), Muniain (Ion Velez. m.63); Toquero (Gabilondo, m.59) eta Llorente.

Golak: 1-0, M.35: Luis Fabiano. 2-0, M.45: Kanoute, penaltiz. 3-0, M.62: Luis Fabiano. 3-1, M.74: Llorente. 3-2, M.77: Llorente. 4-2, M.80: Kanouté, penaltiz. 4-3, M.93: Gabilondo.