Itxi

Athletic Club

2-0

Athleticek irabazi du Alavesen aurkako derbia

Erredakzioa

Talde zuri-gorriak 2-0 irabazi du San Mamesen. Etxeitak sartu du partidako lehen gola eta Adurizek bigarrena, penaltiz.

  • Athletic-Alaves. Argazkia: EFE

    Athleticeko jokalariak Alavesi sartutako bi goletako bat ospatzen. Argazkia: EFE

Athleticek 2-0 irabazi dio Alavesi San Mamesen jokatu den euskal derbia. Hiru puntu hauei esker, zuri-gorriek 24 puntu dituzte, jaitsiera postuak 9 puntura utzi dituzte, eta Europa Ligako postuan dagoen Vila-real lau puntura dute. Alaves (15 puntu), aldiz, jaitsiera postuetan da porrot honen ondorioz eta Deportivok (16 puntu) Vila-realen aurka puntu bat ateratzearen eraginez.

Partidari hobeto ekin dio Athleticek eta zuri-gorriak nagusi izan dira hasierako minutuetan. Neurketako lehen abagunea Bizkaiko taldeak izan du 7. minutuan, baina Williamsen errematea Pacheco atezainak desbideratu du. Bi minutu beranduago, 9. minutuan, Athleticek gola sartu du Etxeitaren bitartez (1-0) korner batean. Alavesen erantzuna 14. Minutuan etorri da kontraeraso baten ondorioz, baina Burguik jaurtiketa oso desbideratua egin du. Neurketako 20. minutura iritsi orduko, Pacheco atezainak Athleticen gola eragotzi du Raul Garciaren errematea geldituta. Alavesek arriskua sortu du lehen zatiko azken minutuetan, baina ez du abagune argirik izan. Athleticek, bestalde, abantaila handitzeko aukera izan du; Pacheco atezainak, ordea, gola eragotzi du Adurizen erremateari erantzun bikaina emanda.

Bigarren zatia Herrerinek gelditu duen Bojanen jaurtiketa batekin hasi da, eta Alavesek lehen abisua eman duen arren, minutuak aurrera joan ahala, Athletic hasi da nagusitzen. Hala ere, talde zuri-gorriari kosta egin zaio abagune argiak sortzea. Neurketako 61. minutuan Pedrazak arriskua sortu du jokaldi bikaina eginda, baina Laportek baloia lapurtu dio azken unean. Hurrengo jokaldian, Pacheco atezainak Athleticen gola saihestu du Adurizen errematea geldituta. Athletic gero eta arrisku handiagorekin hasi da Alavesen atera gerturatzen eta 63. minutuan, epaileak Athleticen aldeko penaltia adierazi du. Raul Garcia eta Alexis erori egin dira area barruan eta epaileak penaltia adierazi du; badirudi epailea erratu egin dela erabaki horretan. Adurizek 2-0ekoa sartu du, 11 metroetatik Pacheco maisuki gaindituta. Bigarren golak min egin dio Alavesi eta Athleticek aldeak handitzeko aukerak izan ditu. Williamsek izan du argienetako bat, baina Pachecoren aurrean kanpora bidali du jaurtiketa. Alavesek ez du arriskurik sortu Athletcen ate inguruan azken minutuetan eta hiru puntuak eskuratu ditu talde zuri-gorriak.

Fitxa teknikoa:

2 - Athletic: Iago Herrerin; De Marcos (Lekue, m.83), Etxeita, Laporte, Saborit; Williams, Iturraspe, Mikel Rico, Susaeta; Raul Garcia (Beñat, m.80) eta Aduriz (Sabin Merino, m.91).

0 - Alaves: Fernando Pacheco; Martin Aguirregabiria, Alexis, Maripan, Duarte; Manu Garcia, Pina (Medran, m.66); Ibai (Ruben Sobrino, m.72), Burgui (Bojan, m.21), Pedraza; eta Munir.

Golak: 1-0, m.8: Etxeita. 2-0, m.64: Aduriz, penaltiz.

Epailea: Gonzalez Fuertes.