Athletic Club
Olympique-Athletic
Marseillara bidaiatuko duten Athleticen zaleentzako gomendioak
eitb.eus
Marseillako Poliziak Athleticen jarraitzaileek jarraitu beharreko zenbait gomendio helarazi dizkio talde zuri-gorriari ostegunean jokatuko den Europa Ligako norgehiagokari begira.
-
Athleticeko jarraitzaileak Moskun, denboraldi honetan. Argazkia: EiTB
Datorren ostegunean, martxoaren 8an, Athleticek Europa Ligako final-zortzirenetako joaneko partida jokatuko du Marseillan Olympiquen aurka.
Hartara, Frantziako hiri horretako Poliziak norgehiagoka Vélodrome futbol-zelaian bertatik bertara ikusteko asmoz Marseillara bidaiatuko duten Athleticen jarraitzaileek bete beharreko zenbait gomendio helarazi dizkio talde zuri-gorriari.
Jarraitu beharreko gomendioak:
Athleticen zaleak autobusez besterik ezin izango dira Marseillara sartu. Ezin izango dituzte autobus txikiak edota ibilgailu pribatuak erabili horretarako.
Autobusentzako topagunea Lançon de Provence errepidea izango da, partidaren egunean, martxoaren 8an, 16:00etan, hain zuzen ere. Autobusak Poliziaren babesa izango dute futbol-zelairako bidean.
Futbol-zelaian sartu ezin izango diren gauzarik esanguratsuenak honako hauek izango dira, besteak beste: megafonoak, danborrak eta banderetako makilak dira.
Bestalde, aste honetan jokatuko diren Europako lehiaketetako partida guztietan minutu bateko isilunea gordeko da asteburuan hil zen Davide Astori ACF Fiorentinako jokalariaren omenez.