Itxi

Athletic Club

Velodrome, 21:05EAN

Athleticek, Adurizen zalantzarekin, Europako ametsa elikatu nahi du Marseillan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Zigandarenek Ligako duda-mudak atzean utzi eta emaitza on bat ekarri nahi dute Bilbora Marseillatik. Aduriz zalantza da, gripeak jota baitago.

  • Aritz Aduriz, Olympiquen aurkako duela bi denboraldiko partida. Argazkia: EFE

    Aritz Aduriz, Olympiquen aurkako duela bi denboraldiko partida. Argazkia: EFE

Athleticek, gripeak jota dabilen Aritz Adurizen zalantzarekin, aurtengo denboraldian etxetik kanpo jokatu dituen Europako partida gehienetan azaldutako itxura egokiagoa agertzea espero du Olympique Marseillaren etxean, Europa Ligako final-zortzirenetako joaneko norgehiagokan (21:05ean).

Bi taldeak berriro elkar ikusiko dute elkar duela bi denboraldi egin zuten legez. Orduko hartan, final-hamaseirenetan izan zen, eta Athleticek egin zuen aurrera kanporaketan, Marseillan 0-1 irabazi eta etxean 1-1 egin eta gero.

Bilbotarrek, horrenbestez, badakite zein giro izango duten Marseillako taldearen Veledrome zelaian. Gainera, frantziarrek ez dute Europako norgehiagokarik galdu bertan, Aritz Adurizek sartu zuen gol horren hartatik.

Aurtengo Europa Ligan Zoryak bakarrik lortu du Athletic Europa Ligan azpiratzea. Txapelketari hirugarren kanporaketan ekin zionetik (Rudi Garciaak entrenatzen duen talde frantziarrak egin bezala), zuri-gorriek ez dute galdu kanpoan jokatu dituzten lehietan, ezta Moskun ere. Horrez gain, etxetik kanpo jardun duten bakoitzean golen bat egitea lortu dute, Berlinen izan ezik (Hertharen aurka).

Athleticek Ligan jasotako beste dezepzio baten ostean (Sevillaren aurkako porrota) helduko dio neurketari. Bilbotarrak Europarako txartela ematen duten postuetatik bederatzi puntura daude eta 'Kuko' Ziganda jarraitzaileen kritiken jomuga ari da izaten etengabe.

Entrenatzaile nafarrak Balenziagaren itzuleraren albiste ona dauka, eta baliteke hasierako hamaikakoan aritzea.

Aduriz, zalantza gripegatik

Aitzitik, zuri-gorrien golegile nagusia, Aritz Aduriz, zalantza izango da azken unera arte, gripeak jota baitago eta sukarra dauka.

Horrez gain, Iñigo Martinez baja segurua izango da, dagoeneko aritu baita txapelketa berean Realarekin. Horrek esan nahi du Yeray Alvarez, Unai Nuñez eta Etxeitaren artean osatuko dutela atzeko lerroa.

Bere aldetik, Marseillak Velodromen azaldu ohi duen indarra erakutsi nahiko du San Mamesera lasaitasun puntu batekin bidaiatzeko. Frantziako txapelketan (Ligue 1) hirugarren dago Marseillako taldea, bigarren doan Monakorengandik lau puntura.

Rudi Garciarenek, aurreko kanporaketako lehen partida baliatu zuten kanporaketa hura ia erabakita uzteko, 3-0 irabazi baitzioten Bragari.

Gainera, 1993an Europako txapeldun izan zenak talde ona dauka, batez ere aurrera begira. Lerro horretan besteen gainetik nabarmentzen dira Dmitri Payet, Valère Germain eta, batez ere, Thauvin hegalekoa. Azken horrek 16 gol sartu ditu ligan, eta goleko 10 pase eman. Atzealdean Sevillan eta Valentzian jokatu zuen Adil Rami da izenik ezagunena eta erdiko lerroan Luiz Gustavo brasildarraren eskarmentua gailentzen da.

Balizko hamaikakoak:

Olympique Marseilla: Mandanda; Sarr, Rami, Rolando, Sakai; Anguissa, Luiz Gustavo; Thauvin, Lopez, Ocampos; Njie.

Athletic: Iago Herrerin; De Marcos, Yeray, Etxeita, Balenziaga; Williams, San Jose, Beñat, Susaeta; Raul Garcia eta Aduriz edo Cordoba.

Epailea: Manuel Jorge de Sousa (Portugal).

Zelaia: Estadio Velodrome.

Ordua: 21:05.