Itxi

Athletic Club

Final-zortzirenak

Athleticek oso zail dauka kanporaketa Marseillan garbi galdu ostean (3-1)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Zuri-gorriak galtzen hasi dira lehen minutua bete orduko eta frantziarren eskuetan egon dira ia norgehiagoka guztian zehar.

  • Adurizek penaltiz egin du itxaropenerako gol bakarra. Argazkia: EFE

    Adurizek penaltiz egin du itxaropenerako gol bakarra. Argazkia: EFE

Athleticek galdu egin du Olympique Marseillaren aurka (3-1) Europa Ligako final-zortzirenetako joaneko partidan, eta asko zaildu zaizkio txapelketan aurrera egiteko aukerak, nahiz eta gripe puntuarekin jokatu duen Adurizek penaltiz sartu duen golari esker oraindik ere bizirik dagoen.

Norgehiagoka modurik eta okerrenean hasi da zuri-gorrientzat. Thauvinek etxekoen eskuin hegaletik hasi duen jokaldi bat Ocamposen oinetan amaitu da, eta 1-0ekoa igoarazi du partidaren lehen minutua bete orduko (47. segundoan).

Aitzitik, bilbotarrak ez dute etsi gol goiztiar horren aurrean, eta berdinketa sartzeko zorian egon da Aduriz, Williamsen pase on bat baliatuta. Baina aurrelari donostiarra ia angelu gabe geratu da jaurtiketa egiteko, eta bere saiakera Mandanda atezainak gelditu du.

Handik gutxira, frantziarren bigarren gola iritsi da. Payet arduratu da Herrerinen atea zulatzeaz, Etxeitaren aldaratze txar bat aprobetxatu ostean.

Dena zetorkion aurka Athletici, baina atsedenaldia heltzear zegoela, Olympiquek beste bi aukera garbi izan eta gero, saria heldu da Zigandaren mutilentzat. Epaileak penaltia adierazi du, ateko epaile-laguntzaileari jaramon eginda, Ramik area barruan baloia eskuaz jo duela iritzita.

Itxura guztien arabera, erabakia ez da zuzena izan, defentsak gorputzari itsatsita baitzeukan besoa baloiak ukondoan jo dionean. Izan ala ez izan, Adurizek ez du aukera alperrik galdu, eta panenka erara jaurtitako baloiak sare barruan bukatu du. Gol horrekin zortzi dira jada aurten Europan sartu dituenak, eta Radamel Falcaorekin berdindu du lehiaketa horretako historiako hirugarren golegile nagusi gisa, 31 golekin.

Emaitza hori altxorra zen zuri-gorrientzat, lehen zatiko sufrimenduaren ostean, eta, are gehiago, bigarrena nolakoa izan den ikusita. Izan ere, bigarrenak lehengoaren antzeko gidoia izan du, eta marseillarrak nagusi agertu dira markagailuan zegoen aldea handitzeko ahaleginean. Hala, 58. minutuan gauzatu dute euren helburua, Ocamposen erremate berri batekin.

Erasoko jokalari argentinarrak bigarrenez hartu dio aurrea De Marcosi area barruan, eta ez du barkatu oraingo horretan ere, Herrerinek jaurtiketa aldaratzeko saiatu den arren. Alabaina, azkenerako baloiak zutoinean jo eta ateko marra zeharkatu du.

3-1ekoa zelai gainean ikusitakoaren isla izan da. Gainera, emaitza okerragoa izan zitekeen bilbotarrentzat, 10 minuturen faltan Etxeitak oin puntarekin barrura zihoan baloi bat atera baitu kornerrera.

Fitxa teknikoa:

Olympique Marseilla 3: Mandanda; Sakai, Rami, Rolando, Amavi; Luiz Gustavo, Lopez (Sarr, 86. min); Thauvin (Njie, 62. min), Payet, Ocampos; eta Germain (Anguissa, 71. min).

Athletic 1: Iago Herrerin; De Marcos, Yeray, Etxeita, Balenziaga (Lekue, 69. min); Williams, San José, Beñat, Susaeta (Cordoba, 62. min); Raul Garcia (Vesga, 78. min) eta Aduriz.

Golak: 1-0, 1. min: Ocampos. 2-0, 14. min: Payet. 2-1, 48. min: Aduriz, penaltiz. 3-1, 57. min: Ocampos.

Epailea: Manuel Jorge de Sousa (Portugal). Txartel horiak: Germain, Rami eta Payet; Raul Garcia, San Jose, Susaeta eta Beñat.