Itxi

Athletic Club

Porrota Camp Nou zelaian

Athleticek aurreikusitako porrota jaso du, Bartzelona konformista baten aurka (2-0)

Agentziak | Erredakzioa

Zuri-gorriek lehen zati oso txarra egin dute. Bigarrenean hobeto aritu dira, baina kataluniarrei ez diete arazorik sortu. Alcacer eta Messi izan dira partidako golegileak.

  • Bartzelonako jokalariak, goletako bat ospatzen. Ondoan, Beñat eta De Marcos Argazkia: Efe.

    Bartzelonako jokalariak, goletako bat ospatzen. Ondoan, Beñat eta De Marcos Argazkia: Efe.

Athleticek aurreikuspenak bete ditu eta galtzaile atera da Camp Noura egindako visitan. Ligako liderra 2 eta 0 gailendu da, Alcacerrek eta Messik lehen zatian egindako golei esker. Lehen 45 minutuetan negargarri aritu dira zuri-gorriak, kataluniarrek aukera ugari izan dituzte, baina Kepak eta zutoinek markagailura gol gehiago igotzea galarazi dute.

Valverdek ezin izan ditu Sergio Busquets (lesionatuta) eta Luis Suarez )zigortuta) zelairatu, eta Andres Iniesta aulkian utzi du. Hala ere, Bartzelona ikusgarri aritu da lehen zatian, Leo Massi argentinarraren gidaritzapean.

Lehen zatian, kataluniarrek erraz gainditu dute Athleticek goiko aldean egindako presioa. Bizkaitarrek, berriz, baloiaren jabetzari eutsi ezinda aritu dira.

Defentsan ere huts handiak eta ugariak egin ditu Zigandaren taldeak, eta, ondorioz, Bartzelonak aukera asko izan ditu gola egiteko. Harrigarria dirudien arren, bi bakarrik egin dituzte.

Lehen gola zortzigarren minutuan iritsi da. Paco Alcacer Luis Suarezen ordezkoak egin du, Messik hasitako jokaldi batean eta Jordi Albak jokoz kanpo emandako pasea aprobetxatuta.

Bigarrena 30. minutuan egin du Bartzelonak. Messik sartu du, areaz kanpotik egindako jaurtiketa gogor baten bidez.

Ordu erdi eta Bartzelona 2 eta 0 jarri da aurretik. Aurretik, Coutinhoren jaurtiketa batek langan jo du, eta Kepak geldiketa bikainak egin ditu Messik eta Dembelek eginako bina jaurtiketei.

Zelaiaren beste aldean, Athletic desagertuta egon da.

Bigarren zatian, hobeto

Zigandaren taldeak hobera egin du bigarren zatian, baina Bartzelonak erritmoa eta presioa jaitsi dituelako.

Hala ere, bilbotarrek ez dute ia aukera argirik sortu, eta sortutakoetan ez dute asmatu. Ondorioz, lehen zatiko 2 eta 0ekoak partida amaiera arte iraun du.

 

Fitxa teknikoa

2 - Bartzelona: Ter Stegen; Sergi Roberto, Piqué, Umtiti, Jordi Alba; Rakitic, Paulinho, Coutinho (André Gomes, 85. min); Paco Alcácer (Aleix Vidal, 74. min), Messi eta Dembélé (Iniesta, 63. min).

0 - Athletic: Kepa; Lekue, Unai Núñez, Íñigo Martínez Saborit; Beñat (Iturraspe, 46. min), San José; De Marcos, Raúl García, Susaeta (Williams, 63. min) eta Sabin Merino (Aduriz, 71. min).

Golak: 1-0: Paco Alcácer, 8. min 2-0: Messi, 30. min.