Itxi

Athletic Club

Igandea, 21:00etan

Reala-Athletic Club: Donostian, giroa bero-bero

Erredakzioa

Donostiarrak eta bilbotarrak, berriz ere aurrez aurre azken hiru urteetan derbirik izan gabe. Ikusmina itzela da bai Donostian eta baita Bilbon ere. Alde Zaharreko kaleak, jendez lepo dagoeneko.

Realak eta Athleticek derbia jokatuko dute igande honetan, lehenengoa donostiarren itzuleraren ostean.

Athleticek Anoetan irabazi du azken denboraldietan, eta Donostian oraindik ere azken derbia gogoan dute, zuri-gorriek garaipena lortu baitzuten eta orduantxe hasi zen donostiarrak Bigarren Mailara eraman zuen gainbehera, 2007ko ekainean gauzatu zen jaitsiera.

Martin Lasartek Raul Tamudoren eta Paco Sutilen bajak ditu partida honetarako. Baja hauek, baina, ez dute hasierako hamaikakoan eraginik izango.

Zalantza nagusiena zelai-erdian izango du uruguaitarrak, Mikel Aranburu edo Gorka Elustondo izan baitaitezke Diego Rivasen lagunak zelaiaren erdialdean.

Athletic Clubek, bestalde, euskal derbia baliatu nahi du 2010eko etxetik kanpoko bere bigarren garaipena batzeko eta bisitari bezala duen joera txarrarekin amaitzeko.

Valentziaren, Sevillaren, Vila-realen eta Real Madrilen aurkako porrotak ahaztuta, euskal derbiarekin errazagoak izan daitezkeen partiden zerrenda hasiko dute bilbotarrak.

Osasunaren aurkako azken orduko garaipenak Athleticen aldartea hobetu du eta moralez gainezka ekingo diote motibazioa faltan izango ez duen Realaren aurka, donostiarrak derbi-gosez baitira azken denboraldiak bigarren mailan eman ondoren.

Joaquin Caparrosek ateak itxita egin ditu asteko lan saio batzuk eta beraz hasierako hamaikakoari buruz ezer gutxi eman du jakitera. Muniain aurrealdean jarri dezake Utrerakoak Llorenterekin batera eta Gabilondo edo David Lopez ezker-hegalean jarri. Toquero hamaikakotik at gelditu daiteke.

Ustezko hamaikakoak:

Reaa: Bravo; Carlos Martinez, Ansotegi, Mikel Gonzalez, De la Bella; Rivas, Aranburu, Xabi Prieto, Griezmann, Zurutuza; Joseba Llorente.

Athletic: Iraizoz; Iraola, San Jose, Amorebieta, Aurtenetxe; Susaeta, Gurpegui, Javi Martinez, Muniain; Toquero eta Llorente.

Epailea: Ramirez Dominguez (Andaluziakoa).
Futbol-zelaia: Anoeta.
Ordua: 21.00.