Athletic Club
Jarrera bikaina
Athletic-Bartzelona (1-1): Dena emanda Kopari agur
Erredakzioa
Hasieratik dena eman dute zuri-gorriek eta taldearen lana harro egoteko modukoa izan da. Abidalek 74.ean sartu du gola eta banakoa Llorentek 84.ean. Barçak ordua eskatuz bukatu du partida.
Athletic Club Errege Kopatik at geratu da FC Bartzelonaren aurka final-zortzirenetako itzuliko partidan bana berdinduta (0-0 Camp Noun). Caparrosenek euren onena eman dute eta hurrengo kanporaketarako txartela ez dute hain urrun izan.
Barça indartsu zelairatu da eta hasierako minutuetan jaun eta jabe izan da. Pedrok aurreneko abisua eman du lehen minutua bete baino lehen.
7.ean buruz errematatu du Villak Alvesen erdiraketa ona eta Gorka Iraizozek gola saihestu du. Zuri-gorriak minutuek aurrera egin ahal suspertu dira eta 14.ean Markel Susaetarentzat izan da aukera. Markagailua estreinatzeko abagune polita izan da, baina eibartarra ez da baliatzeko gai izan.
Messik eta Xavik ere euren aukerak izan dituzte, baina Athleticeko atzelariek ondo erantzun dute. Zaleek, bitartean, ez diote taldea animatzeari utzi.
Atsedenaldiaren ostean gogo handiekin zelairatu da Caparrosen taldea, Bartzelonari lotsa barik aurre egiteko prest. Lehoiek aukerak izan dituzte, baina Barça taldea handia da eta laster berreskuratu du baloiaren jabetza. Defentsa buru belarri aritu da aurkariaren erasoak geldiarazteko.
Baina ezin izan dute Eric Abidalen gola saihesteko ezer egin. 74. minutuan 0-1koa sartu du Messiren paseari esker. Zuri-gorriek ez dute amore eman eta lanean jarraitu dute. Eta saria 84.ean heldu da. Fernando Llorentek banakoarena lortu du eta San Mames balentrian sinetsi du berriro ere. Ezinezkoa izan da, baina Athleticen lana harro egoteko modukoa da.
ATHLETIC CLUB: Iraizoz; Iraola, Ocio, Ustaritz, Koikili; Susaeta (David Lopez, 46''), Javi Martinez, Gurpegui, Gabilondo (Muniain, 79''); Toquero (De Marcos, 66'') eta Llorente.
FC BARTZELONA: Pinto; Alves, Pique, Abidal, Adriano (Iniesta, 60''); Busquets, Xavi (Puyol, 76''), Keita; Messi, Villa (Affelay, 90'') eta Pedro.
GOLAK:
1-0. 74'', Abidal.
1-1. 84'', Llorente.