Itxi

Athletic Club

29 puntu

Athletic-Racing (2-1): Uste baino gehiago sufritu dute bilbotarrek

Sara Lavado

Erredakzioa

10. minutuan 2-0 nagusi ziren zuri-gorriak (Javi Martinez eta Muniain), baina partidak aurrera egin ahala suspertu da Racing eta kostata irabazi du Caparrosen taldeak. Llorente lesionatu da.

Athletic Clubek garrantzi handiko hiru puntu lortu ditu Racingen aurka San Mamesen jokatutako neurketan. Javi Martinez eta Muniain sartu dituzte zuri-gorrien golak. Boladok Racingena egin du. Azken minutuetan sufritu dute etxekoek, baina garaipena merezitakoa da.

Lehen zatia lasaia izan da zuri-gorrientzat. Lehenengo hamar minututan bi gol lortu dituzte lehoiek. 7.ean markagailua estreinatu du Javi Martinezek, buruz. David Lopezek area erdian jarri du falta bat eta nafarrak, atzeraka, ondo errematatu du. Bi minutu geroago Iker Muniain izan da protagonista Gaizka Toqueroren pase ona sarera bidalita.

Baina Racingek lanean jarraitu du eta arriskuko jokaldiak sortu ditu. Kennedyk eta Munitisek izan dituzte argienak, baina ez dute asmatu. Fernando Llorente lehen zatiko azken minutuetan lesionatu da, baina atsedenaldia heldu arte itxaron behar izan du. Errioxarraren ordez Igor Martinez sartu da.

Lasaitasun handiz ekin dio Athleticek bigarren zatiari, baina errazegi galdu du baloia. Minutuek aurrera egin ahala erosoago zegoen aurkaria eta horren ondorioz heldu da 2-1ekoa. Falta bat areara eta Boladok, bakar bakarrik, buruz lortu du gola.

Azken laurdenean nahiko sufritu dute Caparrosenek, baina Racingek ezin izan du berdinketa erdietsi. Athleticek 29 puntu ditu eta gaur Europa Leagueko postuetan egingo du lo. Bestalde, itxaron beharko da Llorenteren lesioaren garrantzia ezagutzeko.

Fitxa teknikoa:

2 - Athletic Club: Iraizoz; Iraola, Ocio (Ustaritz, 55''), Ekiza, Koikili; David Lopez, Gurpegui, Javi Martinez, Muniain; Toquero (Susaeta, 79'') eta Llorente (Igor Martinez, 46'').

1 - Racing Santander: Toño; Pinillos (Ariel, 74''), Henrique, Torrejon, Cisma; Kennedy, Colsa, Lacen, Adrian (Iván Bolado, 62''); Munitis eta Rosenberg.

Golak:

1-0, 7'': Javi Martinez.

2-0, 9'': Muniain.

2-1, 73'': Ivan Bolado.

Horrelakoa izan da partida eitb.com-en