Itxi

Athletic Club

LARUNBATEAN, 20:45EAN

Athletic lehiara bueltatuko da, Real Madril etxean hartuta

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Zuri-gorriek ez dute ligako partidarik jokatu abuztuaren 27tik, Rayo Vallecanoren aurka 3. jardunaldian lehiatu beharreko neurketa atzeratu behar izan ostean.

  • Argazkia: EFE

    Argazkia: EFE

Athleticek Real Madrilen aurka jokatuko du larunbat honetan San Mamesen. Zuri-gorriak euren zaleen aurrean arituko dira hirugarren aldiz jarraian, Leganesen eta Huescaren aurkako partidetan egin legez.

Bilbotarrek ez dute ligako partidarik jokatu abuztuaren 27tik, Rayo Vallecanoren aurka 3. jardunaldian lehiatu beharreko neurketa atzeratu egin behar izan baitzen.

Eduardo Berizzoren aginduetara bilbotarrek ez dute oraindik jokamolde egokia aurkitu. Leganesen aurka garaipena erdietsi zuten, Munianek luzapenean sartutako gol bati esker. Huescaren aurka, berriz, berdindu egin zuten, 2-0 irabazten joan eta gero.

Athleticek ez dio Real Madrili irabazi 2014-2015 denboraldiaz geroztik. Orduko hartan, Adurizen burukada bat erabakigarria izan zen garaipena lortzeko. Larunbat honetan ere aurrelari gipuzkoarrak Athleticen erasoko jokoa zuzenduko du, selekzioen partidak direla-eta izandako atsedenaldia giharretako bere lesiotik sendatzeko baliatu baitu.

Berizzok ausartak izan daitezela eskatu die bere jokalariei, eta, itxura guztien arabera, erdilari peto bakar baten (Dani Garcia) aldeko apustua egingo du, bere aldamenean Raul Garcia eta Iker Muniain egonik, arerioari baloia kentzeko asmoz. Atzealdean, Iñigo Martinez prest dago Yeray Alvarezekin batera defentsako erdialdean aritzeko.

Julen Lopetegiren Real Madrili dagokionez, talde zuriak denboraldiko lehen azterketa handia izango du. Ondo hasi du Liga, hiru garaipen lortu baititu beste horrenbeste neurketetan (Getafe, Girona eta Leganes), eta bolada on horri jarraipena eman nahiko dio

Balizko hamaikakoak:

Athletic: Simon; De Marcos, Iñigo Martinez, Yeray, Yuri; Raul Garcia, Dani Garcia, Muniain; Susaeta, Aduriz eta Williams.

Real Madril: Courtois; Carvajal, Ramos, Varane, Marcelo; Modric, Casemiro, Kroos; Bale, Benzema e Isco.

Epailea: Gonzalez Gonzalez

Zelaia: San Mames.

Ordua: 20:45