Itxi

Athletic Club

SAN MAMESEN, 21:00ETAN

Sailkapenean gora egin ahal izateko derbia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Athleticek eta Realak hiru puntuak lortzea dute helburu, selekzioen partidek eragindako geldialdira iritsi aurretik sailkapeneko goiko postuetara hurbiltzeko.

  • Illarramendi eta Susaeta, talde bietako kapitainak. Argazkia: EFE

    Illarramendi eta Susaeta, talde bietako kapitainak. Argazkia: EFE

Athleticek eta Realak ostiral honetan elkarren artean jokatuko duten euskal derbia Ligan gora begira jartzeko baliatu nahi dute, une honetan sailkapeneko beheko partean baitaude kokatuta.

Bilboko taldeak zazpi puntu besterik ez du, gainerako taldeek baino partida bat gutxiago jokatuta, bertan behera utzi baitzuten Rayoren aurkako neurketa. Realak, bere aldetik, zuri-gorriek baino puntu bat gehiago du. Talde biek proiektu eta entrenatzaile berriak dituzte, eta zaleek orain arte lortutako puntuak baino gehiago izatea espero zuten.

Dena dela, Eduardo Berizzoren mutilen sentsazioak ez dira horren txarrak, Real Madrili, Bartzelonari eta Betisi aurre egiteko gai izan baitziren, garaipenik lortu ez arren, irabazten hasi ondoren. Are gehiago, jokatu dituzten lehia guztietan jarri dira aurretik markagailuan zuri-gorriak, batean izan ezik, eta galdu egin zuten horretan.

San Mamesen jokatutako azken norgehiagokan gertatu zen porrot hori; Vila-realen aurka, hain zuzen ere. Partida horretako azken ordu erdian, denboraldi honetan jokatu dituzten minuturik txarrenak jokatu zituzten zuri-gorriek.

Athleticen entrenatzaile argentinarrak ia jokalari guztiak izango ditu jokatzeko prest, Aritz Aduriz, Iñigo Martinez eta Iago Herrerin osatuta baitaude jada.

Asier Garitano Realeko entrenatzaileak, berriz, arazo ugari ditu lesioak eta zalantzak direla medio. Zale txuri-urdinek ez dute oraindik bere taldea Anoetan irabazten ikusi; alabaina, donostiarrak hobeto aritu dira etxetik kanpo, bi garaipen eta berdinketa bat lortu baitituzte. Testuinguru horretan, San Mamesen irabazteak inflexio-puntua ekar diezaioke talde gipuzkoarrari.

Datu hori da, hain justu, baikor izatea eragiten diona Realari, nahiz eta zazpi baja izango dituen neurketari aurre egiteko, bost lesio eta bi zigortu baititu (Theo Hernandez eta Juanmi Jimenez daude zigortuta).

Hala ere, txuri-urdinek aurrealdean indartsu jarraitzen dute, Willian Jose eta Mikel Oyarzabal hamaikakoan izango baitira, eta horiei Sandro Ramirez aurrelari fitxatu berria gehitu ahal zaie, osatuta baitago.

Atzeko lerroari dagokionez, Garitanok aldaketak egin beharko ditu Joseba Zalduaren lesioak behartuta. Hartara, Aritz Elustondok eskuineko hegalean joka lezake, Raul Navas eta Hector Moreno defentsaren erdian dituela, eta Kevinek bete lezake ezkerreko hegala.

Balizko hamaikakoak:

Athletic: Unai Simon; De Marcos, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri Berchiche; Dani Garcia, Beñat, Muniain; Susaeta, Raul Garcia eta Williams.

Reala: Moya; Aritz, Navas, Moreno, Kevin; Illarramendi, Zubeldia, Pardo, Zurutuza; Willian Jose eta Oyarzabal.

Epailea: Alejandro Jose Hernandez Hernandez.

Futbol-zelaia: San Mames.

Ordua: 21:00.